'Musika eta besteak' hitzaldia emango du Iker Gonzalez Cobeagak, gaur, Alondegian

Baleike 2017ko abu. 7a, 09:31
Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan, Iker Gonzalez Cobeagak Musika eta besteak izeneko hitzaldia emango du gaur. Ekitaldia Alondegiko Oxford aretoan izango da, 20:00etatik aurrera. Hitzaldia euskaraz izango da.

Sinopsia:

Musika eta batez ere musikagile famatuen bizitza askotan misterioz inguratuta egoten da. Denak ordea bere garaiko seme-alabak izan ziren, orduko bizitza izan zuten eta orduko eragin guztiak jasan zituzten. Hauen lana hobeto ulertzeko ez dago gaizki inguruan izan zituzten "beste" elementu hauek ezagutzea. Musikatik kanpo daudenak baina aldi berean barruan daudenak...

Hitzaldia didaktikoa izango da, alde tekniko sakonak txikiagotuz eta gertutasuna bilatuz. Horrez gain, hitzaldia irudiz eta adibide musikalez lagunduta egongo da.

Iker Gonzalez Cobeaga

Euskal Herriko Unibertsitatetik Kimikan doktorea. Musika ikasketak bere ama den Miren Tere Cobeagarekin hasi zituen. Asentxio Elustondorekin harmoniaren oinarriak ikasirik, hortik aurrera bere prestaketa autodidakta izan dela esan daiteke. Hainbat obra eta moldaketa idatzi ditu musika talde ezberdinentzat, besteak beste: Xatz Eskifaia abesbatza, Aqua Lauda abesbatza, Zumarte abesbatza, Landarbaso abesbatza,  Zumaiako Udal Musika Banda eta San Pedro Abesbatza.   2013an Zumaiako Udal Musika Bandak eta San Pedro Abesbatzak grabaturiko “Suite” diskoan “Itxaso ta eguzkia” eta “Ama Lur” obrak aurki daitezke. 2014an Landarbaso Abesbatzak, MUSIKASTE jaialdiaren barne “Ave Regina Caelorum” estreinatu zuen, obra honekin Rigan ospaturiko WORLD CHOIR GAMES lehiaketan parte hartu zutelarik, polifonia sailean.  2016an  “Ez Dok Amairu hitzez hitz” ikuskizunerako “Umeek ere jakin dute” obra  moldatu zuen. 2016Ko abuztuan “Ama Lur” obraren orkestrarako bertsioa aurkeztu zuen San Pedro abesbatza eta Sapere Aude Sinfoniettarekin Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. 2017an, berriz, Aqua Laudak uxua Sorazuren hitzan dituen “Maitia” obra estreinatu du eta Landarbaso abesbatzak ekoiztutako “Gernika Ilunetik argi” ikuskizunerako obra eta moldaketa ezberdinak idatzi ditu. Horrez gain Japoniako Karuizawa hirian ospatzen den jaialdian Landarbaso abesbatzak “Mendeen ahotsak” obra estreinatuko du.

Zumaiako Musika Jaialdian, berriz, azken urteetan hitzaldi ezberdinak eskaini ditu zientzia eta musika, zinea eta musika,  opera eta musikagintzaren  inguruan.