Musika Jaialdia: Zinema mututik Donostiako Hamabostaldira

Baleike 2017ko abu. 4a, 11:53

Ia 100 urte atzera egin genuen atzo Alondegian. Zinema mutuko altxor bat eman zen, Harold Lloyden Safety Last komediako maixulana. Hori nahikoa ez, eta Javier Perez de Azpeitiak zuzeneko musika jarri zion bere pianoarekin. Aretotik ateratzean bertaratutakoek zuten poz aurpegiak agerian utzi zuen saioak izandako arrakasta. "Haurtzarora eraman nau", zioten askok.

Musika Jaialdiarekin jarraituta, eta Donostiako Hamabostaldiarekin elkarlanean, gaur bi saio izango dira. Arratsaldean, 18:30ean, Kontu kontari ikuskizuna izango da haurrentzat, Mari kalean, eta 20:30ean, parrokian, La Remembrançaren kontzertua.

Kantu kontari formatu txikiko ikuskizuna da, ipuin-kontalari bat eta musika uztartzen dituena. 3 urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako ekimen honek, musika eta ipuinak bitarteko direla, entzuteko gaitasuna garatzea du helburu nagusia. Ipuin kontalaria Amaia Puin izango da eta Itziar Lertxundik biolontxeko doinuak jarriko ditu.

La Remembrança

La Remembrança 2016an sortu zen eta talentu handiko solista eta musikariz osatua dago, guztiak talde malgu eta autonomo baten partaide izateko ideiak hauspotuta. Paco Varoch flauta-jotzailearen zuzendaritza artistikoaren pean, errepertorio zabala eskaintzen dute, lehen barrokoetatik hasi eta gaur egungo konpositoreen doinuetaraino. Azpimarragarria da taldearen doinu sotila eta zeharo homogeneoa, freskotasuna eta estilo bikaina; karisma eta naturaltasunez entzuleei zirrara sortzeko gaitasun handia dute.

Donostiako Musika Hamabostaldian lehen aldiz jotzeko talde aparta bildu dute: Silvia Márquez, nazioarteko klabezin solista, Ane Matxain eta Maddi Arana biolinistak, Alejando Garrido biola-jotzailea, Juan Pérez de Albéniz biolontxelista eta Juan Márquez kontrabaxu-jotzailea.

Frantses nahiz italiar barrokoko pieza ezagunenetako batzuk osatuko dute lehen zatia. Jarraian, Mozarten Jupiter Sinfoniak dakarren bozkario-eztanda, ganbera-formazio honentzat egindako moldaketan.