I. Euskal Kosta Krosa korrituko da irailaren 30ean kostako errepidean zehar

Baleike 2017ko abu. 3a, 16:17

Lasterketa berri batek hartuko du Zakila Bira zaharraren lekukoa irailaren 30ean. Euskal Kosta Krosa du izena eta maratoi erdia izango da. Zumaia, Getaria eta Zarautz artean, kostako errepidean zehar, korrituko den lasterketa honek badu berezitasun bat eta da ibiltaria izango dela: aurten Zumaian izango du irteera eta helmuga; datorren urtean Zarautzen antolatuko da eta hemendik bi urtera Getarian. Aurtengo lasterketarako izen-ematea gaur bertan zabaldu da www.kirolprobak.com webgunean.

Horren berri eman dute gaur Zelai Talasoterapia Hotelean egin den aurkezpen ekitaldian. Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten bost udalerrietako ordezkariak izan dira bertan: Oier Korta, Nika Lertxundi, Nekane Arrizabalaga eta Joxe Angel Zaldua, Zumaiako, Getariako, Aiako eta Orioko alkateak, hurrenez hurren; Jesus Arana Zarauzko alkateordea; Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, eta Maite Cruzado, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria.

Hizlariek errepikatu duten bezala, bailarako ikuspegia duen krosa da hau eta, kirolaz haratago, beste esparru batzuk ere hartuko dituena, hala nola, turismoa. Kostako errepideak sortzen duen miresmenak hausnarketa bat egitera eraman zituztela adierazi du Oier Kortak. Horren ondorioa da lasterketa hau. «Bide horretan kirol proba bat egiteko ideia sortu zen eta Zakila Bira lasterketa kros berri honetan bilakatzea”. Ideia hau Getariako eta Zarauzko udalekin partekatu zuten «eta batak bestea animatzen joan gara. Orain maratoi erdiko proba hau sortu dugu”.

Lasterketa arrunta ez

Lasterketa honek 21,097 kilometroko distantzia izango du eta, lehen urte honetan, Zumaian izango ditu irteera eta helmuga. Bien artean Getariatik eta Zarauztik pasako da. Lehen urte honetan 800 korrikalarira mugatu dute parte-hartzea. «Edozein moduko kirolarientzako proba da hau. Ez da izango eliteko kirolarientzakoa; denek parte hartu eta disfrutatzea da helburua”, azpimarratu zuen Jesus Aranak. Zentzu horretan ezgaituek ere parte hartu ahal izango dute. “Gure asmoa da errepideak duen xarma hori bera izatea krosak eta korrikalariek eta haien familiek jasoko duten esperientzia gogoangarria izatea. Ezin du maratoi erdiko lasterketa arrunta izan, errepidea arrunta ez denean”, gaineratu du.

Elitekoa ez izateak ez du esan nahi probaren kalitatea alde batera utziko dutenik, nabarmendu dute antolatzaileek. «Lasterketa hau antolatzen dugun hiru herriok badugu proba arrakastatsuak antolatzeko esperientzia”, aipatu du Aranak, eta krosean egongo diren zerbitzuak kalitatekoak izango direla azpimarratu du.

Nika Lertxundik ere egokia ikusi du lasterketa honen antolakuntzan sartzea. «Kosta honek gauza asko eskaintzen ditu, baina baita burukominak ere neguan. Udan eta udazkenean kirola egiteko aukera handiak ditu eta erronka bideratu behar da. Ea 800 korrikalari horiek motz geratzen diren”.

Eskualdeko konpromisoa

Kirol proba bat bada ere, turismoarekin lotura handia izango du eta ikuspegi horretan hartzen dute parte eskualdeko beste bi udalerriek eta Udal Elkarteak berak. «Kirol turismoa bultzatu nahi dugu eta halako probek hori bideratzen dute”, aipatu du Aranak. «Hiru herrik antolatzen dugu, baina konpromisoa eskualde osokoa da”.

Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek eskerrak eman dizkie Zumaia, Getaria eta Zarautzi proba antolatzeagatik, «baina, gehienbat, Aia eta Oriori tokiko ikuspegitik ateratzeagatik. Bailara mailako kirol ekintza dela ikusi dute, baita ekonomia aldetik garrantzia duela. Jarduera ekonomikoa bultzatzea da gure helburua. Hau ez da kirol proba bat bakarrik. Etortzen den jendeak hemen dugun eskaintzaz gozatzea nahi dugu, jarduera ekonomikoa ere izan dadila. Hau lehena da, baina ez da azkena izango”.

Zentzu horretan, hasiera batean hiru urtez antolatzeko konpromisoa erakutsi dute udalek. «Hiru urteko bide honek jarraipena izango duela espero dugu”, esan zuen Oier Kortak.