Floresko ontziralekua eraisteko lanak esleitu ditu Ingurumen Ministerioak

Baleike 2017ko abu. 2a, 15:26

Urola ibaian gora eginda, eta trenzubira heldu aurretik, Artadiko mendiaren azpian ontziraleku zahar bat dago, Floreskoa, hasiera batean Gutierrez familiarena izandakoa. Guascor enpresaren sortzaileak izan zen Gutierrez sendia eta beraien ontzia bertan gordetzen zuten neguan. 

Azken bi hamarkadatan, ordea, utzita egon da ontziralekua. Badago, ordea, ingurune horretarako proiektua: ibaiari lotutako aisialdi gunea bihurtzea, hain zuzen ere. Lehen pausoa gaur egungo eraikina eta inguruko azpiegiturak eraistea eta horretarako pausoak eman dira Madrildik.

Kosten Gipuzkoako zerbitzuak hala eskatuta, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ontziralekua eraisteko lanak esleitu ditu. Lan hauek ingurune horretarako pentsatutako berreskuratze planarekin bat datoz.

Ministerioaren esanetan, gaur egun utzita dauden azpiegitura hauek ez dute “arkitektura edo estetika aldetik kalitate handirik” eta Artadiko ingurunean “paisaia aldetik eragin ezkorra” suposatzen du. Estalgunea eta beste azpiegiturak, arranpa, eskailerak eta zabalgunea barne, kenduko dira. “Motorrik gabe nabigaziorako eta, orokorrean, jende guztiarentzako atsedengune bihurtuko da”.

Lan horiez gain, bi arte mota ere landatuko dira Artadiko ingurunean: 'Quercus ilex' y 'Quercus rotundifolia'.

Lanak Grupo Moyuari esleitu dizkiote eta aurrekontua 139.378,73 eurokoa izango da, BEZ barne. Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da. Lanak hasi aurretik, amiantoa kentzeko beharrezkoa den plana egin beharko da, estalguneak amiantodun teilatua duelako. Espero dute elementu horiek datozen asteotan kenduko dituzte eta eraiste lanei irailaren hasieran ekingo dietela.