Joxe Mari Kortaren oroimenezko elkarretaratze gehiago ez da egingo

Baleike 2017ko uzt. 31a, 18:34

Abuztuaren 8an beteko dira 17 urte ETAk Joxe Mari Korta hil zuela. Ordutik urtero, bonba autoa lehertu zuten leku berean egin dira elkarretaratzeak. Hemendik aurrera, baina, ez da enpresariaren oroimenezko elkarretaratzerik egingo, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak pasa den astean iragarri zuenez. Erabakia "gizartearen normalizazio prozesuaren eraginari egindako ekarpena" dela adierazi zuten Fundazioko kideek. 

Joxe Mari Kortaren seme Andoitzek, Jexux Mari Mujika bozeramaileak eta Fundazioko kide Jesus Alberdik eman zuten erabaki honen berri pasa den astean Donostian egindako agerraldi batean. 

Adierazi zutenez, elkarretaratzerik ez egiteak ez du esan nahi Joxe Mari zenaren oroimena eta memoria ezabatuko dutenik. “Horiek garatuko ditugu Joxe Marik bizitzan zehar praktikan jarri zituen balioak bultzatuz”. Joxe Mari Korta Fundaziokoek esan zuten gazteen formazio teorikoa eta praktikoa bultzatzen segituko dutela, eta giza baliabideak, ikaste prozesua, kirola eta gazteen osasuna hobetzen ere bai”. "Hori guztia egingo dugu Joxe Mariren baloreetan oinarrituta: Zintzotasuna, esfortzu pertsonala, elkarrizketa eraikitzaileak, gizatasun solidarioa eta konprometitua zen bera, eta asko maite zuen bere herria”.

Erabakia “gizartearen normalizazio prozesuaren eraginari egindako ekarpena” dela gaineratu zuten: “Kualitatiboki, 2000arekin alderatuta, oso desberdina den une batean hartu dugu erabakia”.