Zumaiak izango du Santiagoko hondartzaren ardura 50 urtez

Baleike 2017ko uzt. 28a, 11:15

Espainiako Kosta Zuzendaritzak Santiagoko hondartzan egin behar dituen lanen harira bazegoen askatu beharreko korapilo bat: Zeinen ardura ziren hondartzako ekipamenduak  eta kudeaketa? Getariarena edo Zumaiarena? Adostasunera iritsi dira bi udalak.

Santiago hondartzaren inguruan badago muga arazo bat Getaria eta Zumaia artean, eta horrek ziurgabetasuna eragiten du erabakiak hartzeko garaian. Muga behin-betirako zehazteko prozesua martxan dago eta Aldundiak hartu du ardura. Baina, bitartean, sortzen diren zalantzei erantzun egin behar zaie.

Espainiako Kosta Zuzendaritzak ordainduko ditu Santiago aldean egingo diren obrak, baina ekipamendua eta geroko mantenimendu eta kudeaketa lanak udalen ardura dira. Getariak edo Zumaiak, ardura nork hartu behar duen erabaki beharra zegoen. Bi udalak akordio batera iritsi dira: Zumaiak ordainduko ditu ekipamenduak eta bere esku geldituko da hondartzaren kudeaketa 50 urtez. Atzoko plenoan bozkatu zen akordioa eta aho batez onartu zen. Getarian ere onartu egin da.

Atzoko plenoan onartu ziren hainbat gaien artean, Oikiako eskola berria eraikitzeko Jaurlaritzak egin duen plan berezia nabarmendu behar da. Plan hau derrigor egin beharra zegoen, proiektua legezkoa izateko. Plana onartuta, aurrera doa eskola berriaren prozesua.

Bestalde, erakunde ezberdinekin (Izenpe eta Foru Aldundia) informazio trukaketa ahalbidetzeko lankidetza hitzarmenak onartu dira, modu honetara, zerbitzua eskaintzeko garaian herritarrei erraztasunak eskaini ahal izateko.