Alokairua laguntzeko onartuta dagoen programa behingoz martxan jartzeko eskatu du oposizioak

Alokairua laguntzeko onartuta dagoen programa behingoz martxan jartzeko eskatu du oposizioak

Etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntza programa onartu zuen Udalbatzak 2017ko aurrekontuetan, baina oraindik ez da indarrean jarri. EHBilduk eta PSEk lehenbailehen martxan jartzeko eskatu dute, 2018ko aurrekontuei begira egokitzapenak egin behar badira eskariaren datu errealak behar direlako. Gaiaren inguruan EHBilduk landu duen proposamena ez dute onartu ez EAJk ez PSEk.

Etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzen inguruko eztabaida izan zen atzoko plenoan. EHBilduk bere proposamena aurkeztu zuen, eta haren ondotik etorri zen iritzi trukea. 2017ko udal aurrekontuetan 30.000 euroko partida bat dago onartuta gazteei etxebizitzaren alokairuan laguntzeko, baina oraindik ez da indarrean jarri eta oposizioko alderdiek kezka agertu dute. 

EHBilduk hartu zuen hitza, azken hilabeteotan landu duen proposamena aurkezteko. 2017rako, dagoeneko onartuta dagoena indarrean jarri eta 2018rako diru partida 100.000 eurokoa izatea proposatu dute, inguruko herrietako esperientziak baloratuta. Diru-laguntzen onuradunak diru sarreren arabera mugatzea proposatzen dute, ez adinaren arabera. Diru laguntzak nominalak izango lirateke, gehienez gastuaren %50 jasoko litzateke eta alokairuaren prezioarentzat 700 euroko muga proposatzen dute [hemen proposamena bere osotasunean].

Udal Gobernua: "Kontu handiz aztertu behar da"

Udal Gobernuak kontrako botoa eman zuen, eta alkateak eman zituen arrazoiak: "Gai konplexua da alokairuarena eta kontu handiz aztertu behar da. Inguruko herrietako programak aztertu ditugu eta gaia lantzen ari gara. Gure proposamena ere badaukagu, beka sistema bidez [hemen irakur dezakezue]. Kontuz ibili behar da, dei efektu bat ez eragiteko; azken finean, kanpotik datozenen presioagatik ere igotzen dira alokairuen prezioak. Bestetik, diru-laguntzaren %80a herritar orori zabaltzeak kezka sortzen digu, ez dakigu zenbat eskatzaile egon daitezkeen".

PSE: "Edukiarekin ados, epeekin ez"

PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek onartuta dagoen programa lehenbailehen martxan jartzeko eskatu zion Udal Gobernuari, "hain zuzen ere, jakiteko zenbat eskatzaile dauden". "Aurtengo aurrekontuetan onartuta dagoena martxan jarri behar da lehenbailehen; udan bueltan hasiko gara 2018ko aurrekontuak lantzen eta ez dugu jakingo diru-laguntza hauek zer eragin izan duten, diru gehiago jarri behar den edo kendu egin behar den. Ez dugu erreferentziarik izango erabakiak hartzeko". Eta EHBilduk egindako proposamenaz, kontrako botoa iragarri zuen, proposamenaren izpirituarekin bat egin arren. "Oso ondo dago, arazo handia da etxebizitzarena; guk ezetz bozkatuko dugu, ez edukiagatik, epeengatik baizik. Uste dugu gai honek garrantzia handia izan behar duela 2018ko aurrekontuen eztaibaidan".

Alkateak ere kritikatu zuen plenoa ez zela halako gai bat eztabaidatzeko gune egokiena, batzordean landu behar zela gaia. Horri erantzunez, zera esan zuen EHBilduk, joan den martxotik ari direla gaia batzordean lantzeko eskatzen. "Gure proposamena beste udal taldeekin landu nahi genuke, elkarrekin, eta denon artean adostu. Baina behin eta berriro eskatu dugu batzordean lantzeko eta uztailera iritsi gara eta ez da aukerarik izan".

Udal plenoak proposamena atzera bota duen arren, alde guztiak prest agertu dira gaiari heltzeko. EHBilduk gaiari heltzeko konpromisoa eskatu zuen, eta alkatea bera prest agertu zen gaia abuztuan landu eta adosteko, "programa ahalik eta azkarren martxan jartzeko". 

Erlazionatuak

Zumaiak izango du Santiagoko hondartzaren ardura 50 urtez

Espainiako Kosta Zuzendaritzak Santiagoko hondartzan egin behar dituen lanen harira bazegoen askatu beharreko korapilo bat: Zeinen ardura ziren hon...
“EAJk promesak eta titularrak bai, baina alokairurako diru-laguntzei ezetz”

Erabiltzailearen aurpegia

Ostegunean egin zen uztaileko plenoa, eta bertan, EAJk eta PSEEk atzera bota zuten EH Bilduren alokairurako diru laguntzen proposamena. Horren aurr...