Flamenkoa Itzurunen Musika Jaialdiari hasiera emateko

Baleike 2017ko uzt. 27a, 11:31
Kultur teknikari Miriam Romatet, zinegotzi Jon Iraola eta bandako zuzendari Jose Mari Azkue. Argazkia: Gorka Zabaleta

Larunbatean hasi eta abuztuaren 13ra arte, musika eta dantza estilo askotariko saioak egongo dira. Zumaiako Musika Bandak antolatutako kontzertu bereziak irekiko du jaialdia. Hemen kontsulta dezakezue egitaraua.

Azken urteotako bidetik antolatu dute aurtengo Musika Jaialdia, musika klasikoaren eskaintzari beste aukera batzuk gehituz, eskaintza zabaldu eta publiko gehiagorengana iritsi ahal izateko. “Lehen musika klasikoa izaten zen ia erabat; orain ere ardatzetako bat da, baina jazza ere badago, haurrentzako musika, eta dantzari ere bere lekua eman nahi izan diogu”, azaldu du kultura teknikari Miriam Romatetet.

Zumaiako Musika Bandak prestatu duen kontzertu bereziarekin hasiko da aurtengo jaialdia. Itzurunen izango da, eta flamenko doinuak izango dira protagonista. Bandako zuzendari Jose Mari Azkuek esplikatu zituen atzoko aurkezpenean saio berezi honen nondik norakoak. “Nik banuen Itzurunen zerbait egiteko gogoa, aspalditik. Duela 25 bat urte Luarna Lubrek eman zuen kontzertua neukan buruan eta, kontuari bueltaka, azkenean zerbait berezia prestatu dugu”. Iaz Sakanako Bandaren kontzertu batek eman zion idea. “Euskal musika, jazza eta flamenkoa uztartu zituzten, eta huraxe egokia izan zitekeela pentsatu genuen”. Larunbatean, Bandarekin batera, Gorka Hermosa soinu-jolea, flamenkoko gitarrista bat eta Carmen Paris abeslari ezaguna izango dira Itzurunen. “Gaur egun flamenkoaren munduan puntan dagoen abeslaria da Paris”, azaldu zuen Azkuek.

Eta hortik aurrera zaletasun eta publiko guztientzako eskaintza egongo da bi astez. Sapere Aude Sinfoniettak Miren Urbieta Vega sopranoarekin eskainiko duen Mahlerren 4. sinfonia seguru musikazaleen gustukoa izango dela.

Eta musikarekin batera, dantzak ere presentzia garrantzitsua izango du. Abuztuaren 10ean Mug Muss Suddenly taldeak Esku harriak, Oteizaren (h)aria lana aurkeztuko du. Lan hau Zumaian sortu zen, Donostia 2016ren barruko Mugalariak programaren bitartez artistek egin zuten egonaldian. Egun berean, Jaiotz Osa zumaiarra ikusteko aukera izango da.

Erlazionatuak

Musika Jaialdiaren egitaraua

Baleike 2017 uzt 27 Zumaia