Bai.k: bizikleta eta ziklisten zaindari digital berria asmatu du Jordi Lorenzok

Baleike 2017ko uzt. 24a, 18:00
Jordi Lorenzo, Bai.k sistemaren asmatzailea. Argazkia: Gorka Zabaleta

Lapurreta eta eroriko abisuak eskaintzen dituen gailu berria da Bai.k. Zumaiako bizilagun Jordi Lorenzok asmatu du eta orain dirua biltzen ari da prototipo industriala garatu eta produktua merkatutu ahal izateko. 

Zuzenbidea ikasi eta zenbait urtez Bruselan (Belgika) garraiolarien sektorearentzat lobby lanak egin zituen arren, proiektu berriak garatzea da Jordi Lorenzo Gorrotxategi (Ermua, 1971) benetan asetzen duena. Gaur egun Ermuako Udalarentzat egiten du lan, gazteen artean ekintzailetza bultzatzen. "Beti gustatu izan zait gauza berriak egitea, ikastea", dio Lorenzok. Berezkoa duen jakinmin horrek bultzatuta sortu zen Bai.k (Bai Kirolak) proiektua, duela bi urte.
 
"Bizikletazalea naiz eta duela bi urte erorikoa izan nuen Oikia aldean –Zumaian bizi duela hamar bat urtetik–; ia konorterik gabe gelditu nintzen eta bakarrik nengoen. Orduan ikusi nuen horrelako larrialdi batean abisatzeko sistema bat behar zela", azaldu du Lorenzok. Merkatuan ez zuen ezer aurkitu eta orduan erabaki zuen berak garatzea.
 
Heldulekuaren barruan gordetzen da gailua.
 
Dagoeneko lehen prototipoa egina dauka. Aparailu txiki bat da, pila bati lotuta, eta bizikletaren heldulekuaren barruan jartzen da, ezkutuan. Horrekin batera, mugikorretarako aplikazio bat dauka, elkarrekin komunikatzeko. Bi zerbitzu eskaintzen ditu. Alde batetik, lapurreten aurkako abisua: "Bizikleta lapurtzen badizute sistemak telefonora deituko dizu eta esango dizu bizikleta mugitzen ari dela eta konprobatzeko dena ondo dagoen. Gainera, GPSari esker, une oro jakingo duzu bizikleta non dagoen". Bestetik, erorikoen alerta sistema: "Bizikletatik erortzen bazara, sistemak deitu egingo dizu mugikorrera eta galdetuko dizu ea ondo zauden. Ez baduzu erantzuten edo ez baduzu bizikleta altxatzen, orduan aurrez zehaztutako beste pertsona bati deituko dio, istripua izan duzula abisatzeko. Eta lekuaren koordenadak bidaliko dizkio".
 
Dirua biltzeko kanpaina Interneten
 
Aplikaziotik aktibazen da modu bat edo bestea, zer komeni den. "Dena den, ahaztu bazaizu lapurreta modua aktibatzea eta bizikleta lapurtzen badizute, aplikaziotik piztu daiteke gailua eta esango dizu bizikleta zehazki non dagoen". 
 
Lehen prototipoa egin duen arren, orain prototipo industriala garatu behar du gero ekoiztzen hasi ahal izateko. Eta urratsak inbertsio handia eskatzen du. "Proiektuaren lehen garapena egiteko Jaurlaritzaren laguntza izan genuen, baina azken fase honetarako zailagoa da  diru-laguntzak lortzea. Crowdfunding kanpaina bat egitea pentsatu dut  –Lanzanos.com plataforman–, bide batez, jakiteko jendeak interesa ote duen horrelako zerbitzu batean". 40.000 euro behar ditu prototipo industriala garatzeko eta beste 40.000 ekoizpenerako. Enpresako partizipazioak eros daitezke.
 
Jadanik lan talde bat ari da osatzen Lorenzo bere inguruan, bere helburua produktua azaroan merkaturatzea baita. "Bi hilabeteko kanpaina daukagu dirua biltzeko eta beste hilabete ekoizten hasteko", dio baikor. Mugikorren BQ enpresaren babesa ere badu hainbat urrats arintzeko eta ekoizpenerako ere haien sarea erabiltzea pentsatu du. "Nafarroan edo Valentzian ekoiztuko dugu gailua, baina guk enpresa bat sortu nahi dugu lan kualifikatuarekin, produktuaren garapenerako, eta hori hemen egin nahi dugu".
 
Izan ere, dagoeneko badauzka hainbat idea gailuaren etorkizuneko bertsiorako. "Bi urte barru sistema guztiak elkarrekin konektatuko ditugu. Imajina ezazu bizikleta irteera batean, taldeko bat atzean gelditu eta erori egin dela. Bere bizikletak abisua pasako die taldeko besteei. Egia esan, nahi duguna egin dezakegu. Bizikletaren burmuina izan daiteke Bai.k".