Astelehenean hasiko da Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Baleike 2017ko uzt. 22a, 13:30
Aitzurin jokatuko da aurten ere Dinastia Etxabe. Argazkia: Sara Utrera

Aurten astelehen eta ostiraletan jokatuko dira partidak .Jubenil mailako eta afizionatu mailako pilotari onenak izango dira Zumaian. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Aitzurin.

Erraz esaten da, baina 46. ekitaldia izango du aurten Dinastia Etxabe pilota txapelketak. Gazte eta afizionatu mailetan nabarmentzen diren pilotariei erakusleiho egoki bat eskaintzea da txapelketaren helburua, eta aurten ere maila handiko pilotariak ikusteko aukera izango da Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Guztira, gazteak eta 23 urtez azpikoak batuta, 40 pilotarik hartuko dute parte, tartean eskualdeko batzuk. Gazte mailan, Zumaiako pilota elkartearekin ari diren Oier Larrañaga oikiarrak eta Gorka Aristi getariarrak izango dute jokatzeko aukera, besteak beste. Eta maila nagusian, Iriarte, Alberdi eta Egiguren azpeitiarrek eta Oliden oriotarrak –azken biek bikotea osatuz– hartuko dute parte, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxako beste pilotariekin batera.

Txapelketa astelehen eta ostiraletan jokatuko da aurten, Antiguakoarekin bat ez egiteko. Astelehenean izango da lehen jaialdia eta finala abuztuaren 25ean jokatuko da. Partida guztiak 22:00etan hasiko dira. Sarrerak sei euroan jarri dituzte, eta finala zortzi euroan. Denan den, partida guztietarako abonoa eros daiteke, 30 euroan.

Oier Larrañaga eta Gorka Aristi

Zumaiako klubeko bi pilotariak ere izan ziren aurkezpenean, eta izan zuten hitz batzuk esateko aukera:

Larrañaga: "Gustora sentitzen naiz pilotan jokatzen eta aukera dudan guztietan jokatzen dut, ez da sakrifizioa niretzat pilotan jokatzea. Espektakuloa ematen duten pilotariak ditut gogoko, Mikel Goñi adibidez. Aurtengo Dinastia Etxabeko txapelketan parte hartzeko emandako aukera aprobetxatu nahi dut eta saiatuko naiz baina zaila dago aurrera joatea bikote onak direlako gainontzeko denak".

Aristi: ·Txiki txikitatik jokatu dut pilotan, betidanik izanda nire gustuko kirola eta ikasketari baino denbora gehiago eskaini izan diot nire denbora librean. Titin izan da nire idolo eta gustoko pilotaria. Dinastia Etxabe txapelketan berriz ahaleginduko naiz dudan guztia ematen".

Alustiza, Iriondo eta Aizpurua

Pilotari beteranoak ere bildu ziren atzoko aurkezpenera. Aitzurin izan ziren, esate baterako, Jose Antonio Aizpurua, Andres Iriondo eta Martin Alustiza, denak ere Dinastia Etxabe irabazitakoak. Garai bateko pilota kontuez mintzatu ziren, Aitzurira gerturatu zirenen gozamenerako, eta denek goraipatu zuten Dinastia Etxabe txapelketaren garrantzia, afizionatu mailako pilotarientzat erakusleiho paregabea delako profesional mailara bidean.