Azken unean galdu du Alex Urangak finalaurrekoan sartzeko aukera

Baleike 2017ko uzt. 16a, 18:50

Antofagastako Txapelketatik kanpo gelditu da Alex Uranga final-laurdenetan, Roberto Bruno brasildarraren aurkako buruz-burukoan. 

Munduko Zirkuituko proba bateko finalaurrekoetara itzultzeko aukera paregabea galdu du gaur Alex Urangak Antofagastako Txapelketan (Txile). Gaur ere itsasoko baldintzak oso zailak izan dira, maniobrak egiteko olatu egoki gutxi izan dituzte, eta oso garrantzitsua izan da ongi aukeratzen jakitea. Alexek oso ondo ekin dio txandari, aurreko kanporaketetan bezala, bi olatu txukun hartu eta puntuaketan aldea hartuz. Lehentasuna egokitutakoan ondo zaintzea eta etekina ateratzea, hori zen irabazteko giltza.

Estrategia ondo eramango du azken txanpara iritsi diren arte. Bukatzeko hiru minutu eta erdi falta zirela, 12.25 puntu zeuzkan Alexek eta Brunok 7.51ko olatu bat behar zuen. Olatuak ez ziren aukerakoak eta gainera Alexek zuen lehentasuna. Kontrolpean zuen egoera. Baina olatu bat pasatzen utzi du, balekoa ez zelakoan, eta horixe aprobetxatu du Brunok, beste aukerarik ez zuen eta. Eta ongi atera zaio. Bi maniobra kateatu ditu olatu berean eta 8.50eko puntuazioa lortu du. Aurrea hartu dio Alexi, txanda amaitzeko bi minutu eskas faltan. Saiatu da Alex, baina olatu egokirik etorri ez eta ihes egin dio finalaurrekorako txartelak.

Roberto Brunorekin batera, Brahim Iddouch marokoarra, Uri Valadao brasildarra eta Iain Campbell hegoafrikarra sailkatu dira finalaurrekoetarako.

Itacoatiaran (Brasil), Arican (Txile) eta Antofagastan (Txile) lehiatu ondoren, Portugalen jarraituko du Munduko Zirkuituak irailean.