Zumaia izan da azkarrena, baina bandera Getxorentzat

Baleike 2017ko uzt. 16a, 14:18
Uretan azkarrenak izan arren, banderarik gabe gelditu da gaur Zumaia. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Arraunlari Beteranoen Ligako estropada jokatu da gaur eguerdian Zumaian. Etxeko trainerua izan da azkarrena uretan baina bandera Getxok irabazi du, adinaren batez bestekoagatik izaten diren denbora sariak kontuan hartuta. Zumaia zazpi segundo azkarragoa izan da, baina bederatziko abantaila zuen Getxok. 

Getxo arraunak altxatzen; beretzat izan da gaur Zumaiako bandera.

Lehia estua izan da gaur eguerdiko estropadan Zumaia eta Getxo artean. Zumaiarrek erakutsi dute uretan badirela irabazteko gai, eta kontsolamendu horrekin konformatu behar. Izan ere, Getxori uretan ateratako zazpi segundoak ez dira nahikoak izan bandera irabazteko. Getxoztarren batez besteko adina 56 urtekoa da eta horrek 19 segundoko saria ematen die; zumaiarren batez abesteko adina  52koa da, eta 10 segundoko saria dute. Bederatzi segundo horiek erabakigarriak izan dira. 

Hirugarren Pontejos izan da, eta laugarren Arkote. Gaurko emaitzekin, Getxok beste puntu bat gehitu du sailkapen nagusian Zumaiarekiko duen tartera; 66 dauzka orain Getxok eta 62 Zumaiak.

Zumaiako estropadako sailkapena:

1. Getxo 13:52.26 (14:11.26-19')
2. Zumaia 13:54.01 (14:04.01-10')
3. Pontejos 14:11.62 (14:17.62-6')
4. Arkote 14:12.33 (14:20.33-8')
5. Fortuna 14:20.20 (14:32.20-12')
6. Deustu 14:35.74 (14:45.74-10')
7. Zarautz 14:41.46 (15:03.46-22')
8. Sestao 15:48.87 (15:58.87-10')
9. Ibaialde 16:12.73