[ZUZENEAN] Hamabi onenen artean sartu da Alex Uranga Antofagastan

Baleike 2017ko uzt. 15a, 19:31

Aricako proba jokatu ondoren, Txilen jarraitzen du Munduko Bodyboard Zirkuituak, oraingoan Antofagastako Txapelketan. Lehia laugarren errondara iritsi da eta Alex Urangak jadanik 12 onenen artean sailkatu da. Ordubete inguru jokatuko du hurrengo txanda. Txapelketa hemen jarrai dezakezue zuzenean.

Itsasoko baldintzak ez dira onenak izan, nahasia dago eta olatua ez da iristen nahi bezain garbi eta indartsu, baina egoera horietara ere jakin behar da egokitzen, eta Alex Urangak oso ondo jokatu du uneoro. Berak azaldu duen bezala, Kenny Jonson txiletarraren aurkako buruz-burukoan, saiatu da lehenbailehen puntuatzen eta aurrea hartzen, gero lehentasuna baliatu eta aurkariari olatu txukunenak kentzeko. "Olatu txukun gutxi izan ditugu eta estrategia izan da teknika baino garrantzitsuagoa". 7.00 eta 6.25eko olatu banarekin, oso ondo kontrolatu du txanda amaieraraino, Jonson txiletarrari aukerarik eman gabe.

Laugarren errondara iritsi da txapelketa. Lau txandatan banatu dituzte eta txanda bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da final-laurdenetara. Beste biek, beste txartela lortzeko aukera izango dute bosgarren errondan. Dagoeneko martxan da laugarren erronda, eta Alex Urangari Bruno eta Pedra brasildarrak egokitu zaizkio aurkari. Ordubete inguru izango da.