Foru Aldundiak hamar plaza berri hitzartu ditu Otezuri egoitzan

Baleike 2017ko uzt. 13a, 15:31

II-III mendekotasun gradua dutenei zuzenduko dira plaza berri hauek. Urola Kosta eta Deba Kosta eskualdetan dauden itxaron zerrenda arindu nahian hartu du Aldundiak erabaki hau.

Zumaiako Otezuri zentroak beste hamar plaza izango ditu II eta III mailetako mendekotasuna duten pertsonei. Hala iragarri dute gaur Markel Olano Diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak Puntanuetan kokatzen den egoitza honetara egindako bisitan. Zumaiako alkate Oier Korta ere egoitzan zehar egin den bisitan izan da.

Plaza berri hauei esker, Otezuri 45 plaza izatetik 55 izatera pasako da. Neurri honetan Urola Kosta eskualdean, baina baita Deba Kostan dauden itxaron zerrenda arindu nahi izan da.

Gerozerlanek (Matia fundazioa) kudeatzen duen zentro honek 66 plaza ditu hitzartuta. Hauetatik 45 arruntak dira eta beste 21 UPSI motakoak (unitate psikogeriatrikoa), nahiz eta, adierazi denez, baimendutako plazak 109 izan (88 arruntak eta 21 UPSI motakoak).

Plaza berri hauek Urola Kostako eta Deba Kostako herritarrei zuzenduta izango direla iragarri du Olanok, Deba Kosta ingurua geografikoki Urola Kosta ingurutik gertu dagoela ikusita. “Deba Kostak biltzen ditu Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Debako udalerriak, eta horietan egoitza zentroetako itxaron zerrenda %25ekoa da”. Diputatuaren esanetan, ingurune horretan ez dago plaza berriak hitzartzeko aukerarik. Hori dela eta, adierazi du Otezuri zentroan hitzartuko diren plaza berri horiekin, “Deba Kostako eta Urola Kostako erabiltzaileen eskaerari erantzun ahalko diogula”.

Plaza hauek hitzartzeko, 90.000 euroko inbertsioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Maite Peña diputatuak azaldu duenez. Helburua Gipuzkoako gizarte baliabideetako sare publikoaren eskaintza gizarte beharretara egokitzea eta lurralde oreka lortzea dela, aipatu dute Aldunditik. “Neurri horiei esker, hobetzen ari gara zerbitzuen eta prestazioen eskaintzaren kalitatea, pertsonen beharretara egokitutako arreta bermatzeko eta, oso garrantzitsua dena, ahalik eta gertuen beraien etxeetatik”.

Gipuzkoako gizartea zahartzen ari da eta horri erantzuteko “estrategia integral” bat prestatu dutela adierazi du Markel Olanok. “300 plaza gehiago sortuko ditugu legealdi bukaerara arte”. Zumaian hitzartutako hamar plaza berri hauekin, legealdi honi dagokionez, 141 plaza berri sortu direla azpimarratu du Diputatuak. “Aurten, gutxienez, beste 68 sortuko dira”, aipatu du. Mendekotasunerako aurten ia 60 milioi euro bideratu direla eta azpimarratu du.

Gizartearen zahartzaroarekin lotuta, eta Etorkizuna eraikiz programaren baitan, Aldundiak Pasaian egoitza bat irekiko duela ere iragarri dute. “Zahartzaroaren eta osasunaren arloan punta-puntakoa izango d, eta laguntza zerbitzuak hobetzeko prozesu berriak aztertuko ditu”.