AGEk ‘Berandu baino lehen’ diskoa aurkeztuko du bihar kontzertuan

Baleike 2017ko uzt. 12a, 15:37

Joseba eta Mikel Aizpurua anaiek osatutako taldeak Berandu baino lehen diskoa atera du. Hamabi kanta berriz osatzen da. Kontzertua 20:00etan hasiko da, bihar, Itzurun tabernan.

Taldekide beraiek agian ez dute hala ikusiko, baina Zumaiako rockaren aitzindarien artean dago Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE). Gaur egungo taldeetako kide asko oraindik jaio gabe zeudenean, Joseba Aizpurua eta Mikel Aizpurua anaiek osatutako taldea dagoeneko martxan zegoen. “1986an eman genuen lehen kontzertua”, dio Josebak.

31 urte igaro dira ordutik eta musika munduan jarraitzeko gogoa dute. Ez arrakasta baten bila; musika maite dutelako baizik. Hori bai, beraien martxan, su geldoan. Bihar kontzertuan aurkeztuko duten disko berria grabatzeko eta amaitzeko erabili duten martxan, alegia. Diskoaren aurkezpen kontzertua Itzurun tabernan emango dute, 20:00etatik aurrera.

Berandu baino lehen du izena AGEren disko berriak eta hamabi kantaz osatzen da. Diskoaren izenburuarekin zerbait azaldu nahi duten galdetzen dio kazetariak. “Ez, kanta baten izena ere bada, baina gehienbat diskoa grabatzeko erabili dugun denborari buruz da, berandu baino lehen atera behar genuela”.

Taldeak Basadin duen entsegu lokalean grabatu dute diskoa, beraien kabuz, grabaziorako programa informatikoak erabilita. Uste baino gehiago luzatu dute prozesua: udazkenean hasi zuten eta udaberri honetan amaitu dute. “Aurreko diskoarekin alderatuta ñabardura gehiago sartu ditugu. Hura lehorragoa zen; hemen gitarra elektrikoak, banjoa, piano eta teklatuak ere sartu ditugu. Ahotsekin eta harmoniekin ere jokatu dugu”. Moldaketa horiek emaitza nabarmen hobetu dute. Baina, gehienbat, AGEren azken urteotako soinu akustikoa mantentzen da disko berri honetan ere.

Izan ere, aldaketak izan ditu AGEk 1980ko hamarkada erdi hartan sortu zenetik. Laukote bezala hasi zen, denborarekin hirukote bihurtu zen eta azken urteotan bikote bihurtu da. Lette Band talde paraleloa ere atera zuten Josebak eta Mikelek baxujoleak denbora baterako AGE utzi zuenean. Azkenean bikote formatuarekin geratu dira.

Bien artean jo dituzte diskoko instrumentu denak. Letrak, ohikoa den bezala, Joseba Aizpuruarenak dira.  Egunerokotasunean oinarritutako letrak dira, bat edo beste, Zumaiako historiarekin edo herriko pertsonaietan oinarritutakoa. “Niretzat kantak musikak eta letrek osatzen dute. Azkenean erronka bat da”.

Oraingoz hiru kontzertu emango dituzte uda honetan, herrian. Kontzertuetan bertan izango dira diskoak salgai, 5 euroan.

Erlazionatuak

AGE: Berandu baino lehen

Baleike 2017 uzt 12 Zumaia