Islandian gertatutako euskaldunen sarraskia, uztaileko Baleike aldizkarian

Baleike 2017ko uzt. 12a, 12:46

Atera dugu dagoeneko uztaila-abuztuko Baleike aldizkarian. Datozen egunotan banatuko dugu bazkideen artean eta laxter jarriko dugu salgai ohiko saltokietan.

XVII. mendean Islandian gertatutako euskal baleazaleen sarraskia ekarri dugu azalera. Gertakari hura jasotzen du Tapio Koivukari idazle finlandiarraren Ariasman liburuak. Argitalpena euskarara itzuli du Maia Ossa Rissanen arroarrak. Liburuari buruz eta suomieraren eta euskararen inguruan hitz egin.

Arroarekin jarraituta, Foru Aldundiak Narrondotik Arroa Behea bitarteko bidegorria luzatzeko duen asmoa ekarri dugu aldizkarira. Horrekin, Urola bailarako bidegorri sarea osatzen joango litzateke.

Pasa den ekainean omendu zuten Alaiko jaietan Abundio Garcia judo irakaslea. Hainbat urtetan eraman du judo eskola Zumaian eta makina bat haurrek ikasi dituzten judoaren inguruko sekretuak berari esker. Aukera ezin hobea berekin hitz egiteko.

Gogoratzen al dituzue txanperoak? Olatuetan eta, baita, elurretan ibiltzeko taula haiek? Surfeko taulen aitzindariak bezala ikus daitezke. Txanperogile bat zumaiarra zen, Martxelo Linazasoro, 1902an jaiotakoa. Bere historia jaso dugu orri hauetan.

Udako argazki lehiaketa bat ere abian jarri dugu, sari bikainekin. Horren berri ematen da aldizkarian eta denbora gutxira webgunearen bitartez ere emango dugu.