Mikroipuinak denon eskura Alondegian jarritako makinari esker

Baleike 2017ko uzt. 6a, 17:19

Mikroipuinak banatzen dituen makina? Hori ere heldu da Zumaiara. Alondegian jarri dute makina hauetako bat, Aldundiak sustatzen duen Kultur dealers egitasmoaren baitan, eta abuztuaren erdira arte egongo da bertan. 

Berritutako saltzeko makinen bidez hautatutako lagunek idatzitako mikrokontakizunak banatuko dira, bai eta idazle ezagunen pentsamendu-testuak eta aforismoak ere.

Mikrokontakizunak 4 hizkuntzatan izango dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Mikrokontakizun gehienak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, baina horietako batzuk ingeles eta frantsesera ere itzuliko dira.

Hizkuntzez gain, makinak bi aukera ematen ditu, fikzioa eta pentsamendua. Fikzioari buruzko gunerako, idaztea gustuko duten pertsona guztiei mikrokontakizunak bidaliz parte hartzera gonbidatu zitzaien pasa den apirilean.

Iaz egindako lehen Kultur dealers deialdian 380 mikrokontakizun aurkeztu zituzten, eta ehun bat hautatu ziren literatur kalitatea aintzat hartuta. Horietatik guztietatik, 31 euskaraz eta 91 gaztelaniaz izan ziren, eta 25 itzuli ziren ingelesera eta frantsesera.

Pentsamendua deritzon aukeraren barruan, makinek jada argitaratuta dauden hainbat testu edukiko dituzte. Aforismoak, pentsamendu-zati laburrak, filosofia eta abarrak izango dira.