Torriko: "Ongi etorri zait pixkanaka egitea Asobal ligarako jauzia"

Baleike 2017ko uzt. 4a, 14:09
Ander Torriko, Katarrera bidaiatu bezperan. Argazkia: Izaskun Urbieta

Espainiako selekzio absolutuarekin debutatzeko aukera izan du Katarren Ander Torrikok (Zumaia, 1997). Asobal liga ere amaituta, Benidormen jokatutako lehen denboraldiaren balorazioa egin du elkarrizketa honetan.

Lehenengo urtea egin duzu Asobal ligan. Zein da balorazioa?
Asko nabaritzen da saltoa, lehenengo maila da azken finean. Aurkariak fisikoki indartsuak dira, mutil handiak dira, ni baino zaharragoak gehienak... Lehenengo lerroan jokatzen dut eta aurrez aurreko borrokarako aurkarien indarra igarri dut. Horretaz gain, atezainetan ere igarri dut jauzia, maila izugarria dute. Talde guztiek dituzten bi atezainak oso onak dira. 
 
Ez zenuten liga ongi hasi.
Oso gaizki, bai. Bukaera arte mailaz jaisteko postuetan egon ginen. 30 jardunaldi dira, eta lehen 25etan beheko postuetan egon ginen. Lehenengo buelta oso txarra egin genuen, eta zazpi puntu bakarrik atera genituen.
 
Otsailean baina, entrenatzaile aldaketa egin zenuten eta gauzak aldatu egin ziren, hobera egin zuen taldeak.
Bigarren bueltan dinamika berdinarekin jarraitu genuen eta lehen bi partidak galdu egin genituen. Huescaren kontra etxean galdu genuen eta erabakiak hartzeko unea iritsi zen. Azkenak geunden eta oso urruti ikusten genuen salbazioa, 6-7 puntutara. Partida horren ondoren presidenteari esan genion aldagelara sartzeko. Jokalarien kexak kontatu zitzaizkion, hitz egin zen eta handik hiru egunetara jakin genuen entrenatzaile berria izango genuela. Zupo Ekisoain nafarra etorri zen. Historiko bat da, Portlanden egon zen bere urterik onenetan, ligako txapeldun ere atera zen. Etorri zenean irabazten hasi ginen, dinamika onean sartu ginen. Etxean ez genuen partida bakar bat ere galdu, eta bigarren bueltan guztira 14 puntu atera genituen.
 
Azkenean salbazioa lortuta, 13. postuan amaitu zenuten.
Ikusita nola ibili ginen lehenengo bueltan, helburua salbatzea izan zen eta asko sufrituta baina lortu genuen. Hala ere liga hasieran ez zen hori taldearen helburua. Taldearen nahia lehenengo zortzietan gelditzea zen. Izugarrizko ekipoa geneukan, jokalari gazte eta beteranoekin osatutakoa. Benidormek hiru urte egin ditu Asobalen; lehenengo urtean seigarren gelditu zen, eta bigarrengoan zortzigarren. Denboraldi hau izan da hirugarrena, eta hamahirugarren gelditu gara azkenean. Gaizki hasi ginen, dinamika txarrean jarraitu genuen,  burua altxa ezinik.
 
Lehen mailako jauzia pausoz pauso egin duzu. Pulpotik Zarautzera joan zinen bigarren mailan jokatzera, eta orain Benidormen zaude. Zure progresiorako ona izan al da?
Bai, zalantzarik gabe. Eduki nuen aurretik aukera lehen mailara joateko baina ez nuen onartu. Pulporekin jubeniletan bukatu genuen Espainiako txapeldunorde eta Euskadiko txapeldun bezala. Garai hartan Benidormek fitxatu nahi ninduen eta Asobalen zegoen. Aitarekin oso ondo pentsatu nuen eta jauzia handiegia izan zitekeela uste genuen. Zarautzek ere nahi ninduen eta azkenean hara joatea erabaki nuen. Etxetik gertu eta gainera ikasteko eta minutuak izateko aukera ona izango zela pentsatu genuen. Horrela, unibertsitateko ikasketak hemen hasteko aukera  ere banuen. Ongi etorri zitzaidan zilarrezko maila ezagutzea. Zarauzko denboraldia oso polita izan zen.
 
Zarautzen denboraldia bukatu baino lehen Benidorm berriz interesatu zen.
Iazko urtarrilean hasi ziren berriz eskaintzarekin. Denboraldi borobila atera zitzaidan gainera, eta talde batzuk deitu zidaten, bai Asobalekoak eta baita bigarren mailakoak ere. Orduan erabaki nuen Benidormera joatea. Interes handia zuten nigan, gainera jubeniletatik hasita, beraz hara joatea pentsatu nuen. Gainera talde ona zen, erreferentzia onak nituen.
 
Zein izango da hurrengo denboraldirako helburua?
Denboraldia irailaren 9an hasiko gara, eta abuztuaren 1erako han egon behar naiz aurre denboraldia egiten. Urte hau ikusita, salbatzea izango da aurrenengo helburua. Baina ongi ari dira fitxatzen, gazte ia denak bota egin dituzte eta jende berria ekartzen ari dira. Entrenatzaile honek beti jokalari onak izan ditu, esperientziarekin, eta goiko postuetan ibiltzea nahiko du.
 
Hurrengo urtean bukatzen duzu kontratua. Zer asmo duzu?
Bi urteko kontratua sinatu nuen eta horrekin batera beste urtebetez luzatzeko aukera. Ea urte hau nola joaten den eta ikusiko dugu. Han gustura nago eta azkenean ikasten ari naiz. Hala ere egia da etxetik gertu jokatzeak ere erakarri egiten duela. Momentuz ez daukat beste talde baten eskaintzarik. 
 
Espainiako selekzioaren deia jaso duzu. Zure ilusioetako bat bertan debutatzea zen.
Goizegi iritsi zait agian, baina ilusio handia egin dit. Azkenean ez noa Munduko Txapelketa jokatzera juniorrekin eta horrek pena ematen dit. Gero jaso nuen Jordi Ribera selekzionatzailearen deia Katarren jokatuko zuten txapelketara joateko eta pozik hartu nuen. Aukera honekin batez ere ikasi egin nahi dut. Jende oso ona doa, guretzako erreferentzia direnak eta hauengatik ikasi nahi dut. Horrez gain, ea aukera aprobetxatzen dudan. Azkenean, jokalariez ikasi, entrenadoreari kasu egin, eta esperientziaz gozatu nahi dut.