[ARGAZKIAK] David Calderonek irabazi du IV. pala txapelketa herrikoia

Baleike 2017ko uzt. 2a, 10:02

IV. pala txapelketa herrikoiko azken partidak jokatu ziren atzo arratsaldean Odietan. Zorionez, euriak eutsi egin zuen eta, horri esker, pilota partida ederrak ikusteko aukera izan zen. 

David Calderonek eta Jokin Gorostolak jokatu zuten final handia. Gorostolak bezperan eskuz binakako partida gogorra jokatu zuen eta zalantzan zegoen eskuak erantzungo zion. Baina, azken tantura arte borrokatu zuen. Partida latza, gogorra, borrokatua izan zen. Tantu ikusgarriak ere izan ziren, txalo zaparradak jaso zituztenak. Alde txikiak izan ziren markagailuan, ez zegoen ezer erabakita. Azken tantuetara bi pilotariak leher eginda heldu ziren eta hor hobeto moldatu zen Calderon. Berak jantzi zuen txapela finala 30 eta 23 emaitzarekin irabazi ondoren.

Aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Imanol Ulaciak eta Jon Zendoiak. Azken honek Joakin Gorostolaren ordez jokatu zuen, arazo fisikoak medio azken partida jokatu ezinik geratu zelako. Zendoia hobeto aritu zen partidako lehen zatian eta alde handia ere lortu zuen (21-10), baina Ulaciak erreakzioa izan zuen eta lau tantutara ere jarri zen. Amaieran, baina, Zendoiak aldea zabaldu zuen eta 22 eta 12 emaitzarekin irabazi zuen partida.