[ARGAZKIAK] Ander Odriozolak eta Oihan Iribarrek irabazi dute esku pilota txapelketa

Baleike 2017ko eka. 30a, 22:04

Ander Odriozolak eta Oihan Iribarrek osatutako bikotea da aurtengo esku pilota txapelketa herrikoiaren irabazlea. Gaur arratsaldean jokatutako final ibiltarian Gorka Iribarrek eta Joseba Martijak osatutako bikotearei 22 eta 11 emaitzarekin irabazi dio. Bihar palako finala jokatuko da. 

Gaur izaten ari garen eguraldi kaxkarra medio, txapelketako azken bi partidak bi frontoietan jokatu dira. Odietan jarri da hitzordua baina arratsaldeko lehen partida bere erdialdean zela, euri zaparrada izan eta, ondorioz, partidak Zumaiako Herri Eskolako frontoira eramateko erabakia hartu du antolakuntzak. Horren erruz, espero baino beranduago bukatu da kirol jarduera.

Berdintasuna izan da finalean lehen tantuetan. Bikote batek aurrea du, baina berehala buelta eman dio. Iribarrek eta Martijak alde txiki bat hartu dute markagailuan, baina Odriozolak eta Iribarrek harrapatu, buelta eman eta aldea zabaldu dute. Une horretan urduritasunak hartu ditu Iribar eta Martijak eta gaur gorri koloreko gerrikoa zuten aurkariek aldea nabarmen zabaldu dute. Tantu politak izan dira, baina akatsak gehiago. Azkenean uste baino errazago lortu dute garaipena Ander Odriozolak eta Oihan Iribarrek.

Aurreko partida, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzekoa, berdinduagoa eta gogorragoa izan da. Astigarraga eta Mendizabal sendo egon dira atzeko koadroetan, eta bi aurrelariek, Aitor Aizpuruak eta Jokin Gorostolak, ikuskizuna eskaini dute aurrealdean. Euria hasi duen arte Gorostola eta Mendizabal ziren markagailuan aurretik, baina, frontoiz aldatzean, hobeto moldatu dira Aizpurua eta Astigarraga. 19. tantoraino ere heldu dira, baina azken fase horretan Gorostola eta Mendizabal nagusitu dira. 22 eta 19 emaitzarekin amaitu da partida Gorostola eta Mendizabalen alde. 

Palako finala

Bihar, larunbata, 18:00etatik aurrera, pala txapelketa herrikoiaren azken partidak jokatuko dira. Antolatzaileen asmoa Odietan jokatzea da, baina, eguraldiak aginduko du eta, euria bada, Herri Eskolan jokatuko da. 

Hasteko, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Imanol Ulaciak eta Jon Zendoiak. Ondoren, txapelaren bila aterako dira David Calderon eta gaur eskuzko partida jokatu duen Jokin Gorostola.