Pilota txapelketa herrikoiko finalak jokatuko dira asteburu honetan

Baleike 2017ko eka. 30a, 11:06
Argazkia: Sara Utrera

[TESTUA ALDATUTA DAGO] Asteburu honetan jokatuko dira bi pilota txapelketa herrikoietako finalak: gaur eskuz binakakoa eta bihar palaz banakakoa. Izaten ari garen eguraldi kaxkarra medio, posible da partidak Herri Eskolako frontoian jokatzea, eta ez Odietan. Baina hori eguraldiaren arabera erabakiko da.

Lehenbizi, gaur, 18:30etik aurrera, eskuz binakako finala jokatuko da. Odriozola eta Oihan Iribar, Gorka Iribar eta Martijaren aurka jokatuko dute txapelaren bila. Aurretik, baina, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko da. Aizpurua-Astigarraga eta Gorostola-Mendizabal bikoteek jokatuko dute partida hau.

Bihar, larunbata, 18:00etatik aurrera, pala txapelketako azken partidak jokatuko dira. Hirugarren eta laugarren postuetarako, Jon Zendoia eta imanol Ulacia arituko dira. Hasiera batean Joakin Gorostolak jokatu behar zuen partida hau, baina, belauneko arazoak medio, ez jokatzea eskatu du. Ondoren final handia jokatuko dute David Calderonek eta Jokin Gorostolak. Nahikoa lan izango du azken honek, bezperan eskuzko partida jokatuko duelako. 

Palako finalaurrekoetan, Jokin Gorostolak 30-27 emaitzarekin irabazi zion Joakin aitari, eta David Calderonek 30-14 Imanol Ulaciari.