Itsaski ontzia uretara itzuli da

Baleike 2017ko eka. 24a, 11:18

Beduola elkarteari esker, gero eta ontzi tradizional gehiago ari dira berreskuratzen eta, behin berrituta, berriro uretara itzultzen. Badira, baina, bere kabuz halako lanak egiten dituztenak ere. Rafael Orofinoren kasua da. Atzo jarri zuen uretan berritu duen Itsaski ontzia. 

Parolbidean zegoen Jose Maria Egañaren ontziolan egindako txalupa da berreskuratu duen hau. 1958an egindako egurrezko ontzia, azken 18 urte hauetan uretatik kanpo izan du. Pixkanaka bere denbora librean joan da ontzia berritzen. "Autonomoa naiz eta ez dut denbora askorik izan horretarako", azaldu digu Rafaelek. 

Behin lanak eginda, atzo arratsaldean itzuli zuen uretara Arranpla parean eta moilan lotu zuen. Halako lanei esker, ontziak bakarrik ez, Zumaiako historia ere pixkanaka berreskuratzen ari gara.