Final-laurdenetan sartzeko azken aukera galdu du Alex Urangak eta, beraz, ezingo du iaz Brasilen lortutako garaipena defenditu. Lewy Finnegan australiarraren kontrako buruz-burukoa galdu berri du, saioari ondo ekin dion arren. Alexek nahikoa azkar lortu du 13.5eko konbinazioa, baina Finnegan gaztea ez da urduri jarri eta olatu egokienaren zain egoteko pazientzia izan du. Olatu berean lau maniobrako konbinazioa egin du eta horrek 8.5eko puntuazioa eman dio.
Alex zen artean aurretik, baina Finneganek 4.75eko beste olatu bat lortu duenean maldan gora jarri zaio kanporaketa Alexi. 6.76ko olatua behar zuen berriro aurrea hartzeko. Ez zen ezinezkoa, baina azken minutu erabakigarrietan Finneganek izan du olatuak hartzeko lehentasuna eta horrek erabat mugatu dizkio aukerak Alexi. Saiatu da ur-ertzetik gertu lehertzen ziren olatu txikiagoetan, baina alferrik. Bosgarren errondan bukatu da aurten Alexen ibilbidea Itacoatiaran.