“Zumaian bidelagunen faltan gaude"

Baleike 2017ko eka. 21a, 15:58

Urola Kostako Mintzalagun Programak agur esan dio ikasturteari atzo Zumaian egin zen kurtso amaierako festan. Bertan izan ziren proiektuan parte hartzen duten euskaldun zaharrak eta berriak, eta baita Iñaki Perurena harri-jasotzailea ere. Hain zuzen,  ‘Harria, maitasun istorioa’ emanaldia aurkeztu zuen leitzarrak.

Mintzalagun Programak agur esan dio 2016/2017 ikasturteari atzo arratsaldean Zumaian egin zen festan. “Ikasturte hasierako festa Zarautzen egiten dugu beti, urria inguruan, eta amaierakoa aldiz, txandatuz egiten dugu Orion eta Zumaian”, kontatu du Eukene Caballerok, Urola Kostako AEKko irakaslea eta programa honen dinamizatzaileak. Berarekin da Xabier Urdangarin, Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara sailekoa. Hain zuzen, 2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari Urola Kostan. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da, baina programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Horrez gain, programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Proiektua egonkortua dela nabaria da, horixe adierazten dute aurtengo datuek ere. Guztira 18 talde ibili dira mintzalagunen, eta 70 pertsona baino gehiago izan dira partaideak. Herriz herri antolatu diren taldeei erreparatuz gero, Orion hiru izan dira, Zarautzen 12 inguru, Zumaian beste hiru eta Getarian, bikote bat. “Mantendu egin gara, baina iaz jende gehiago ibili zen egitasmoan, pixka bat jaitsiera izan dugu”, aitortu du Caballerok. “2009an hasi ginen proiektu honekin, eta lehendabiziko urtean 40-45 pertsona ibili ziren 10 bat talde osatuz. Hurrengo urteetan ia bikoiztera iritsi ginen, eta azkeneko urteetan zifra antzekoetan gabiltza”, jarraitu du Urdangarinek.

Taldeak ez dituzte kideen mailaren arabera antolatzen. Normalean izen ematen duten pertsonen ordutegia hartzen dute kontutan. Astean behin elkartzen dira ordubetez, hori da konpromisoa, baina behin baino gehiagotan geratzen diren taldeak daude. “Asko daude ordubete hori egitera joaten direnak. Beste batzuk aldiz, ordubete horretatik kanpo ekintzak egitera joaten dira, irteerak… Batzuk adibidez urtero Errioxako ardotegi batera joaten dira”, aipatu du Caballerok.

Bidelagunak eta bidelariak

Mintzalagun Programaren ezinbesteko bi protagonistak dira bidelagunak eta bidelariak. Irakasle eta irakasle figurak ordezkatzen dituzten pertsonak direla esan daiteke, baina muga hori iheskorra da kasu askotan. Bidelagunak, euskaldun zaharrak dira eta hauen betebeharra euskaldun berriei laguntzea, bertako hizkera erakustea, eta abar dira. Bidelariak, berriz, euskaldun berriak dira. Hauen nahia da euskaraz hitz egiteko aukera izatea, bertako hizkera ezagutzea eta ikastea. Horretaz gain, egitasmo honen bidez, jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera dago. “Bidelagunak ez dira irakasleak, baina askotan euskaldun berriek gramatikazko galderak egiten dizkiete, eta ez dakite erantzuten. Nik beti esaten diet galdera guzti horiek euskaltegian landu behar direla”, esan du Caballerok. “Bidelariek jakin behar dute bidelaguna ez dela irakaslea, berriketan aritzeko solaskidea baizik, eta balioko dion eredu bat erakutsiko diola”, gaineratu du Urdangarinek.

Bi aldeek irabazten dute elkarrizketa horietan, eta, batez ere, bidelagunen lana eskertu eta saritzen dute egitasmoko arduradunek. “Zailena kasu askotan, bidelagunak aurkitzea da. Zumaian, adibidez, faltan gabiltza. Aurten osatu gabeko talde bat gelditu da bidelagunik ez zegoelako”, nabarmendu du Caballerok.

Esperientzia polita dela baieztatu dute bi antolatzaileek. “Bidelagun berriak izateko animatu nahiko genuke jendea. Beraientzako ere zerbait aberasgarria da, eta bidez batez, euskarari ere bultzada ematen die. Ez beldurtzeko aipatuko genuke. Ez da irakasle izatea, askoz ere naturalagoa den zerbait da, lagunekin egotea bezala”, azpimarratu dute.

Udako kanpaina

Udako Mintzalagun Programa berezi bat antolatu dute uztailerako. Laupabost izen dituzte, eta horiekin taldetxo bat antolatuko dute Zarautzen. Caballero bera izango da ziurrenik bidelaguna. Lehenengo esperientzia izango da beretzat eta gustura agertu da. “Beste paper honetan ere jartzeko gogoa dut, probatu nolakoa den, ezagutu”, aipatu du. Taldetxo honez gain, urtean zehar ibiltzen diren beste bi taldek ere jarraituko dute uztailean zehar.