Luisa Etxeberria: "Nahasmendu bipolarra dugunok, askotan, ez gara gure buruaren jabe"

Baleike 2017ko eka. 20a, 17:52

Luisa Etxeberria erizain zumaiarra da eta duela zazpi urte diagnostikatu zioten nahasmendu bipolarra. Euskadi Irratiako Faktoria saioan elkarrizketatu dute gaur. Hemen entzun dezakezue elkarrizketa hori. 

Irratsaioan azaldu du buruko gaitz honek bi fase ezberdin dituela: depresiboa eta maniatikoa. Fase maniatikoa ematen denean, pertsona bipolar batek edozer egiteko gai denaren sentsazioa izaten omen du, eta ez da bere burua kontrolatzeko gauza; edonori edozer esateko gai da. Aldiz, fase depresiboan, kontrakoa gertatzen da, eta depresioa handiagoa da aurreko fase maniatikoaren intentsitatea handia izan bada.

Etxeberriari duela zazpi urte gertatu zitzaion lehen fase maniatikoa, oporretan zegoela; psikiatrikoan ingresatu behar izan zuen. Gerora, bere gurasoek hartu zuten bera zaintzeko ardura.

Kontatu du bere moduko gaitzak jasaten duten pertsonek gertuko jarraipena eta zaintza behar izaten dutela. Oraindik, oso estigmatizatuta dagoen kolektiboa dela ere esan digu. Horrek ez dio soilik gaitza jasaten duenari eragiten, baita senitarteko eta lagunei ere.