GKN Drivelinek hamar milioiko inbertsioa egingo du Zumaiako lantegian

Baleike 2017ko eka. 19a, 16:16

Iaz, 100 milioiko irabazia lortu zuen multinazional britainiarrak. Zumaiako lantegiak 402 langile ditu, eta aurrera eramaten duen antolakuntza-eredu eta lehiakortasunagatik nabarmendua izan da enpresa taldearen barnean.

Automobil-industria puntaren puntan dago azken urteotan, eta horren adierazle da GKN Driveline multinazional britainiarra. Ford, Fiat eta eta Nissan bezalako kotxe markentzako piezak egiten dituzte, eta hain zuzen, Zumaian egiten dira ibilgailuentzako horiek. Duela hilabete batzuk, lantegi hori goraipatua izan da multinazionalaren aldetik, eta sari honek Driveline ataleko enpresarik lehiakorrena bezala aitortu du.

Drivelinen 26.000 langilek egiten dute lan 46 lantegitan banatuta, eta Zumaian, 402k. Onespenaz gain, enpresa taldeak Zumaiako lantegian hamar milioiko inbertsioa egingo duela baieztatu du. Diru hori, alde batetik, 2018an martxan jarriko diren fabrikazio robotizatutako bi zeluletarako erabiliko da, eta bestetik, instalazioak handitzeko eta hobetzeko.

Bide batez, hilabete honetan, Driveline sektoreko komite exekutiboa eta Giza Baliabideetako arduraduna izango dira Zumaian, eta urrian, berriz, talde osoko administrazio kontseilua elkartuko da, kasu horretan ere, Zumaiako plantan.