Mintzalagun Programaren ikasturte amaierako festa egingo da bihar Zumaian

baleike 2017ko eka. 19a, 13:26

Urola Kostako Mintzalagun Programan ibili diren partaideak etorriko dira Oxforden egingo den festara. Bertan izango da Iñaki Perurena harri-jasotzailea 'Harria, maitasun istorioa' kontakizuna aurkezten. Jaialdia 18:30ean hasiko da.

Urritik ekainera Mintzalagun Programan parte hartu dutenek ikastur.te amaierako festa egingo dute bihar Oxforden, 18:30etatik aurrera. Guztira, 20 taldetan elkartuta, 70 pertsonatik gora ibili dira mintzalagun programan ikasturtean zehar, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian.

Iñaki Perurenaren presentzia izango da aurten, izan ere,  Harria, maitasun istorioa izeneko kontakizun eta erakustaldia eskainiko du.

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Programari esker honako hau lortzen da:

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Urola Kostan 8 urte

2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.