Zumaia Flysch Trailen zuzenketa Jokin Lizeagaren inguruko informazioa dela eta

Zumaia Flysch Trail 2017ko eka. 16a, 14:25

Ni, Bosco Garitano, Zumaiako Flysch Traileko bozeramaile bezala, ekainaren 12an, astelehenean, elkarrizketatu ninduen Baleike-Hitzak, eta ondorengo egunetan elkarrizketa argitaratu zen: asteartean Baleiken eta asteazkenean Urola Kostako Hitzan. Akats bat medio, esaten zen Jokin Lizeagak Zumaian korrituko zuela minbizi bat gainditu ondoren. Atzo, ekainak 15, prentsaurrekoaren erdian, Jokinek whatsappeko mezu bat bidali zidan esanaz akats bat zegoela. 

Nahiz eta bere momentuan iztondoko etena eta testikuluen hantura izan ondoren bere ingurukoei (eta han nintzen ni, Bosco) esan zien testikuluen minbizia izateko beldur zela, zorionez, azkenean ez zen hala izan. Asko pozten gara horregatik. Jokinen lesioak txorkatilako bihurdura larri bat, hezurren bi edema eta kalkaneoaren haustura bat dira. Pixkanaka ari da lesioetatik ateratzen eta horrek ere asko pozten gaitu. Beraz, barkamenak eskatzen dizkiot Jokini publikoki, zuzenean dagoeneko eskatu dizkiodan bezala; berak abegi onez hartu ditu. Bete-beteko jauna da eta akatsa ulertu du.

Orain goazen gure Flysch Trailera. Ekainaren 25ean korrituko da. Irteeran omenaldia egingo diogu Juanito Oiarzabali, bere mendiko ibilbideagatik, Jokin Lizeagari, lesioetatik ateratzeko erakusten ari den adore, esfortzu eta sakrifizioagatik, eta bere zintzotasunagatik; eta Luis Alberto Hernandori eta Maite Maiorari, Munduko Txapeldunak izanda, Zumaian izango direlako. Han izango dira Jokin, Maite, Iker Oliveri, Leire Baraibar, Barrenetxea, Eizagirre, Mancisidor, Etxeberria, Nafarroako selekzioa bere osotasunean eta dozenaka euskal korrikalari, Euskal Herriko bandera gorenean utziz. Animo guztioi eta, benetan, eskerrik asko Jokini.