Alfredo Bikondoaren ‘Zeru-lurren artean betikotasun une bat’ obra San Telmo ermitan izango da

Baleike 2017ko eka. 16a, 14:17

Juan Ramon Llavoriren ‘Peregrinatio’ proiektuaren baitan, artista donostiarraren artelan hori San Telmo ermitan egongo da ikusgai.

Juan Ramon Llavorik, 1999an Donejakue bidea lehen aldiz egin zuenean, sortu zuen Peregrinatio proiektua. Ekimen hori erromes bideetan eta haien bizipenetan oinarritutako diziplina anitzeko erakusketa proiektua da. Horren baitan, gaur goizean Alfredo Bikondoaren Zeru-lurren artean betikotasun une bat margoaren lagapena egin dio San Telmo ermitari. “Nire esperientzia pertsonal propiotik eta nire argazkilaritza lanetik abiatuta, hainbat artista ezagutzeko aukera izan dut. Hala, Peregrinatio proiektuan parte hartzeko gonbita egin diet hainbat artistari, izan ere, beti uste izan dut hobe dela artelan bat publikoan izatea gordeta baino”, adierazi du Llavorik. Bide horretan, Bikondoaren obra hori San Telmo ermitan izango da ikusgai. “Bizitzan bide asko daude, ez bakarrik Donejakueko bidea, eta bide horiek mugitu egiten dute mundua. Horri esker uste dut lortu dugula mundua txikiagoa izatea”, esan du.

Bikondoaren obran, gurutzean dagoen Jesus agertzen da. “Baina Jesus argi bat da, biolentziarik gabekoa. Lasaitasuna irudikatzen du, eta espiritualitateari laguntzen dio”, gaineratu du.

Gurutzearen esanahia

Bikondoak bere aldetik, bat egin du Peregrinatio proiektuak islatzen dituen ezaugarriekin: barne bidaia eta aszesi espiritualarekin. Hain zuzen ere, zeinu erlijiosoei erreparatu baino, espiritualitatean geldiunea egitea gustatzen zaio artista donostiarrari. “Gurutzeari eman nahi nion garrantzia. Gurutzea marra horizontal eta bertikal batek osatzen du. Horizontala eboluzioa da, eta bertikala berriz iraultza. Gizakia, aldiz, erdian dago” aipatu du margolariak.

Obraren oinarria egurra da eta azalean hainbat material erabili ditu, marmola, esaterako. “Ez da pintura bat, zizelatutako obra bat da”, gaineratu du. Artistarentzat garrantzitsuena eduki espirituala lanean islatzea da.

Ekitaldia Maria Zubimendi akordeoi joleak ireki du, eta ondoren, Zumaiako alkateak hartu du hitza: “eskerrak eman dizkiot Bikondoari egindako lan eta ekarpenagatik, benetan irudi ikusgarria da eta ermita guztiz janzten du”, adierazi du. Amaieran, Ismael Elizalde apaizak obra bedeinkatu du, eta Zubimendik beste pieza bat jo du.