Zumaian amaituko da bihar infantil eta alebinen denboraldia

Baleike 2017ko eka. 16a, 13:11

Heldu da denboraldiko azken lasterketa eguna. Bihar, 16:30an, Zumaian, etxean bertan, jokatuko da 2017ko azken karrera Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko infantilentzat eta alebinenentzat. Aurreko asteburuan ere izan ziren lasterketak. Honen guztiaren kronika egin du Arritxu Iribarrek.

Aurreko asteburuan Lezon izan ziren infantilak eta alebinak. Beste behin ere, alebin mailan Anuk Gojenolak berarengan zergatik izan behar den konfiantza erakutsi zuen; bosgarren sailkatu zen lasterketa ederra osatuz. Garazi Bergarak beste garaipen bat sartu zuen, bere lorpenen zakuan. Infantiletan, Aitor Agirre zortzigarren sailkatu zen, lasterketa bikaina biribilduz. Roman Zabaletak ere maila oso onean ibiltzea lortu zuen, hamargarren sailkatuz. Maddi Etxabe nesken artean seigarrena izan zen. Guztira 21 infantil eta 23 alebin lehiatu ziren.

Denboraldiari agur etxean emango diote, bihar, ibilbide bihurrian. Ordeka bai baina maldatxoa ere bai, Maria eta Jose ikastetxearen barruan, azkenerako lasterketaren baldintzak gogortuz  eta ikusgarritasuna emanaz probari. Viveros San Antongo txirrindulariak saiatuko dira familiakoen eta lagunen aurrean denboraldian egindako lan ona borobiltzen. 

Kadete mailan bihar Busturian da gaztetxo mailako lasterketa eta bertara joango da Antton Tolosa. Aurrekoan bakarkako erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Bergaran, 6,5 kmko ibilbidearekin, eta bertan, 76 txirrindulariren artean, Antton Tolosa 20. sailkatu zen; irabazleak 49 sg. atera zizkion. Mikel Manzisidor 66. sailkatu zen, minutu eta 59 segundora. Bakarkako esfortzua gogorra da eta biek oso ondo erantzun zuten.

Igandean, ohiko modura, Oñatin jokatu zen karrera. 68 km eta ibilbide erdian Udanako malda pikoa eta luzea igo zuten. 72 ziklista izan ziren irteeran eta horietatik 45 besterik ez ziren helmugara ailegatu; gureetatik Antton Tolosak bukatu zuen lasterketa, 34. Postuan. Ibilbidea gogorra bazen, abiadura lehenaz gain gogortu zuen karrera, bataz besteko abiadura 42,890km/h izan baitzen.