Iparra, Zumaiako gazteen mugimendu politikoa sortu dute

Baleike 2017ko eka. 16a, 11:56

Zumaiako hainbat gaztek Iparra izeneko mugimendu politikoa sortu dute. Otsailean Gaztetxean egindako bilera batzuen ondorioa da. Taldekideek diotenez, mugimendua handituz joan da eta gero eta jende gehiago joan da biltzen ostiraletako hitzorduan. "Iparra gazteok egun bizi dugun egoera prekariotik sortzen da, erantzun bateratu eta egungo sistemak inposaturiko balore indibidualistak gaindituko dituen baloreetan oinarrituta". Datorren larunbatean egingo dute aurkezpen festa.

Hemen duzue igorri diguten sorrera gutuna:

Gazteentzat eginak diruditen garai gazteetan bizi gara. Gizartea gaztetasunera dago zuzendua, mundu guztiak nahi du gazte izan. Gazte musika entzun, gazteek bezala dantza egin, eta nola ez, gazte itxura izan. Baina guk, benetako gazteok, geure buruari egiten diogun galdera zera da: Zer nolakoa da sustatzen den gaztetasuna? Zein da gure egungo gizartean gazte izateak duen esanahia? Bultzatzen den gaztetasuna, ez kasualitatez, guztiz salduta dagoen gazte hedonista, indibidualista eta bere inguruarekiko inongo ardurarik ez duenarena da.

Hain aldakor eta itogarri zaigun egungo mundu honek ulertzen ez ditugun fenomenoak sortzen ditu, gero eta etorkizun ezezagunagoa eskainiz. Eta guri, gazteoi, orainaldiaren, eta halabeharrez, gure etorkizunaren inguruan hausnartzeko esan beharrean, dibertitu egin behar garela esaten digute, “gazteen gauzak” egin. Zein bitxia den gurekin erabiltzen den moral bikoitz hori: gazte salduaren eredua sustatzen den bitartean, axolagabe, ezjakin eta antisozial deitzen digute. Zer espero zuten?

Hedonismoaren eta kontsumoaren gizarteak, bere balore insolidarioekin, sekulako bakardadea sortzen du hainbeste oparotasunen artean. Guk, gazteok, materialki gure aitona-amonek eta gurasoek baino gehiago dugunok, ezer ez daukagula sentitzen dugu. Sistema edozein gizarte-ehundura suntsitzen ari da, ulertzen ez dugun eta ulertzea nahi ez duten mundu batean inguratuta geratuz.

Baina dena ez dago galduta: gaztedi errebelde eta konprometitua ez da eredu inposatuagatik limurtzen uzten, bestelako gazte eredu bat sortzeko altxatzen da: guk geuk erabakiko duguna eta egungo ereduaren aurkakoa. Serioak, konprometituak eta errebeldeak gara. Gaur egungo arazoek kezkatu egiten gaituzte, gure indar zein baliabide urriekin aztertzen ditugu irtenbideak bilatzeko.

Gu, IPARRA, etorkizun gizatiarrago, sozialago baten alde hausnartzeko, pentsatzeko eta ekiteko jaio gara.

Ez gara ameslariak,

esnatzen ari direnak baizik

Erlazionatuak

Iparraren aurkezpen festa

Baleike 2017 eka 16 Zumaia