“Etorkizuneko industriak hau beharko du: ezagutza, berrikuntza, ikerkuntza eta sormena”

Baleike 2017ko eka. 16a, 10:20

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan Eginak dokumental laburren bildumako atal berri bat aurkeztu zuen atzo Oxforden. Bertan, Zumaiako industriaren iragana eta etorkizunari buruz hitz egin zen. Amaia Ortiz de Zarate ikaslearen gidaritzapean, GKN Driveline, Balenciaga ontziola eta Etxetar enpresa taldeko Ikergune ezagutzeko aukera izan zen.

Gipuzkoan Eginak ikus-entzunezkoen helburua da Gipuzkoako industriaren izaera, ondarea, baloreak eta bertan lan egiten duten ekintzaileen eta pertsonen lanari aitorpena egitea. Hala esan zuen Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako Diputatuak.

Gipuzkoako industriaren inguruko bidaia bat egitea da asmoa, eta atzo, bidaia horren hirugarren geldialdia izan zen Zumaian. Aurrez, Eibar eta Legazpin egin dituzte dokumentalak eta ondorengo solasaldiak. “Industriak Gipuzkoan izan duen, egun duen eta izango duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Lanketa honetan gainera, lekuek, ideiek eta pertsonek berebiziko presentzia dute”, esan zuen. Industria ondarearen babesaz ere mintzo zen diputatua. “Tradizioa eta ezagutza daukagu, eta orain arte egin dena ez da ahaztu behar. Horretaz gain, egindakoa mantendu eta egungo aurrerakuntzak barneratu eta etorkizunari begiratu behar diogu”.

Zumaia, herri industriala

Industriaren bidai honetako hirugarren geldialdia izan da Zumaia, eta Urola Kostako herri bakarra izango da. Kostaldeko herria bada ere, arrantzak ez du inoiz garrantzi handiegirik izan, bai aldiz, industriak.

Zumaiako industriaren garapena azaltzeko, Amaia Ortiz de Zarate ikaslearen eskutik, hiru enpresa ezagutu ziren: GKN Driveline, Balenciaga eta Etxetar.

GKN Driveline enpresatik, bertako Giza Baliabideetako arduraduna den Iñigo Zaldua izan zen protagonistetako bat. 1940. urte inguruan sortu zen enpresa Eibarren eta ondoren Zumaiara ekarri zuten, “batez ere leku falta zegoelako Eibarren”, aitortu zuen. Zalduaren ustez, potentzialtasun handia dago herrian. “Zumaia herri ona da. Gai da gauzak egiteko eta badakigu. Sinestea bakarrik falta zaigu”, esan zuen. Halaber, hutsune bati buruz mintzatu zen. “Lanbide Heziketako eskoletan dago erronka. Oraindik ere, enpresen aldetik eskaria handiagoa da dugun eskaintza baino. Ingeniaritza lanpostuak adibidez azkarrago betetzen ditugu, baina Lanbide Heziketan inbertitu beharra dago”.

Balenciaga ontziola ezagutzeko, ZIIZ-eko sortzaileetako bat den Pello Etxaberen laguntza izan zuen Ortiz de Zaratek. Laster 100 urte beteko dituen lantegia da Balenciaga, Zumaiako zaharrena. “Gure herria ez da inoiz nabarmendu arrantzagatik, itsas merkataritza handiagoa zen eta ontzigintzaren sorrera ekarri zuen. Industrializazioarekin gainera, sendotu egin zen. XIX. mende erdialdean piztu zen ontzigintza, gero motorgintza etorri zen Zumaiara, eta baita makina-erreminta ere. Gaur egun industria berriak etorri dira herrira, eta horrek dibertsifikazioa ekarri du”, aipatu zuen Etxabek.

Ondare industrialaren memoria babesten egiten du lan ZIIZ elkarteak. Etxaberen ustez, etorkizuna bada, iraganean du jatorria eta hori ez ahaztea da gure betebeharra. “Lehendik zeuden industria jarduerak egoki eta garatu egin behar dira egungo gizartera, noski. Baina iragana ez da ahaztu behar, eta sentsibilizazioa lortu behar dugu. Etorkizuneko industriak erronka bat du, eta hau bete beharko du: ezagutza, berrikuntza, ikerkuntza eta sormena”.

Dokumentaleko azken protagonista, Etxetar taldearen Ikergunen lan egiten duen Ainhoa Otxoa izan zen. Erakundeen eta agente ezberdinen laguntzaz eta apustuaz mintzatu zen. “Erakundeak gertu sentitzen ditugu, eta bide berdinean lan egiten dugu. Hori oso garrantzitsua da, izan ere, gure proiektuak garatzeko ezinbesteko laguntza da”. Otxoaren eginkizuna industria 4.0, informazio eta teknologia eta ingurumeneko gaiak dituzten proiektuen garapena egitea da.

Oier Korta alkateak hitz batzuk esan zituen amaieran. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Aldundiari. Gure historia industriala ezagutzeko eta islatzeko aukera eman digu. Industriak pisu handia dauka Zumaian, eta horren aldeko apustua garbia da. Horrek kalitatezko lanpostuak sortzea dakar, eta ongizatea bermatzea”.