Patxi Frances: “Aurten ontzia ateratzearekin eta maila ez galtzearekin nahikoa egingo dugu”

Baleike 2017ko eka. 13a, 09:17

Laugarren urtea du Patxi Francesek Telmo Deun traineruko entrenatzaile bezala eta zailena egiten ari zaiola errepikatu du Itsas kiroldegiko lokalean. Iaz TKE ligatik jaitsi ondoren arraunlari ia gehienez kluba utzi zutela dio. Aurten ontzia uretan jartzea arrakasta dela ondorioztatu du donostiarrak.

Ez da urte erraza izaten ari Telmo Deun Arraun Elkartearentzat. Orain aste batzuk emakumezkoen ontzia ez zutela aterako jakin zen. Gizonezkoen B ontzia ere ez du uretan jarriko aurten eta, entrenatzailearen esanetan, ez dirudi Telmo Deun aurten goiko postuetan ikusiko dugunik. Igande honetan hasiko da KAE liga, Santurtzin, eguerdiko 12:00etan. Elkarrizketa pasa den larunbatean egin genuen, Lekeitioko testaren bezperan. 

Laugarren urtea duzu Zumaia entrenatzen. Agobiatuta zaudela diozu.

Entrenatzaile kargua uztea buruan izan nuen, ez pasa den denboraldi amaieran, baina bai ikusi nuenean jendea kluba uzten ari zela. Hori ikusita buruari bueltak eman nizkion, ea jarraitzeak merezi zuen ala ez. Jarraitzen badut da bizitza osotik dudalako arrauneko ilusioa. Izandako arazoek baino pisu handiagoa izan du horrek, baina, bai, sufritu egin dut.

Aurreko urteren batean esaten zenidan garrantzia handia zuela bizkarrezurra mantentzeak. Orain esan didazu arraunlari askok utzi dutela.

Aurten ez dugu ez bizkarrezurrik, ez ezer ere. Bi beterano etorri dira laguntzera, baina, ilusio puntu bat edo jarraipena behar duzu martxan jartzeko. Ditugun armekin ari gara lanean, eta armak urriak dira, oso urriak direla ez esateagatik.

Alta eta baja aldetik nola zabiltzate?

Iaz B ontzian aritutako arraunlari batzuk ditugu. Bajak, berriz, ugariak izan dira eta oso garrantzitsuak. Bizkarrezurra hautsi zaigu eta geratu diren batzuk alde batetik bestera aldatu behar ditugu, horrek ekartzen dituen zailtasunekin. Brankan, gehienbat. Jende berria da, oraindik lehiatzen ez dakiena. Ontzia eusteko gai den jendea behar dugu, besteekin lan egin dezagun. Eusten ez badugu, ezin dugu lanik egin, eta lanik egiten ez badugu ezin dugu eutsi. Aurtengo urtea oso konplikatua izango da.

Aurreko urteetan baziren helburuak. Aurten, agian, ontzia berriro egitea izango da.

Ez dut horretan pentsatu ere egiten. Ontzia uretan jartzera mugatzen naiz. Ikusita klubera aurkezteko egunean bost arraunlari besterik ez genituela, helburuak aise bete ditugula uste dut.

Harrobia izan da Zumaiaren altxorretako bat.

Aurten denak egin du huts. Horregatik nago behea jota. Dena ematen dudan pertsona naiz eta besteek berdin egin behar dutela uste dut. Agian oker nago. Jende ona da, baina hastea kostatzen ari zaie. Lau urte noa hemen eta gauzak ondo joan izan balira, gaur ontzi hau eta beste hiru izango genituzke, denak lehiakorrak. Baina jendeak utzi egin du, gehiengoak utzi du. Esaten dudan bezala, utzi badute seinale ez zitzaiela asko gustatzen.

Aurredenboraldia nola joan da?

San Pedron egon ginen eta gaizki aritu ginen; Mutrikuko estropadan ere gaizki egon ginen. Ontzia ez dago oraindik eginda, landu behar da eta uste dut oraindik denbora asko falta zaigula. Patroiekin arazoak ditugu; laguntza eskatzen duzu eta ez duzu jasotzen. Batarekin eta bestearekin ontzia uretan jartzea lortu genuenean pentsatzen nuen laguntzak izango zirela eta ez da hala izan. Behin nik irten behar izan nuen patroi bezala, bestean prestatzaile fisikoak. Igandeko estropadara 14 urteko mutil batekin noa, patroi bezala lehenbizikoz arituko dena. Olatuak badira, zaila izango dugu.

Aurten ontzia ateratzearekin eta maila ez galtzearekin nahikoa egingo dugu. Aurrez Zarautzek, Castrok, Laredok edo Arkotek galdu zuten. Arraun mundua oso une zailean dago eta hau orokorra da. Fama handia ematen ari zaio kirol honi eta azkenean lau ontzien kontua besterik ez da. Besteok nahikoa dugu bizirik irautearekin. Urte asko noa honetan eta hau mantendu nahi bada laguntzak behar dira, eta gaur egun urriak dira. TKE ligako estropadara joango da Arantxa Tapia sailburua. Zumaian bizi denez, bazuen hemendik pasatzea. Garbi dago funtzionatzen duten klubak dirua dutenak direla, arraunlariei dirua eskaintzen diena: Donostiarra, Deustu, Santurtzi... Laguntza handiak dituzte eta horregatik egongo dira goian. KAE ligan egongo dira, baina TKEn egoteko modukoak dira. Denok gabiltza ate joka, baina batzuei besteei baino hobeto ateratzen zaie. Gero, helburuak daude. Dirua edo helburuak. Ibili naiz arraunean egiteko jendeari deika, eta, zer esango diot? Zer salduko diot? Aurten egingo dugun edozer gauza arrakasta izango da. Hamargarren egiten dugula? Arrakasta. Zazpigarren egiten dugula? Arrakasta. Eta ohorezko txandan sartzen bagara, herrian katxaperoak botatzeko modukoa izango.