Festa eguna ospatuko du Kalea Guztiona Dak, larunbatean, Torreberrin

Baleike 2017ko eka. 8a, 16:09
2016ko ekainean, lehen murala margotzen.

Orain urtebete inguru lehen murala margotu zuten Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek Euskal Herri mailan famatu egin den Erribera kaleko horman. Ekitaldiz betetako festa eguna izan zen iazkoa eta aurten errepikatzeko asmoa erakutsi dute. Kolore guztiak debekuen kontra! izenarekin, Torreberri azpian egingo dute bigarren festa eguna etzi.

“Kalean erakusteko moduko kultur diziplinak ekarri nahi genituen. Gaueko kontzertuak Gaztetxean egingo dira, baina beste guztia kalean izango da: pailazoak, ipuin kontalariak, bertso saio indartsu bat...”, diote larunbateko festa eguneko antolatzaileek (egitaraua aldamenean ikus dezakezue). “Aprobetxatuko dugu Gaztetxe ondoan dauden hormetako mural batzuek konpontzeko. Muralista profesionalekin hitz egin dugu eta horiek margotuko dituzte. Hutsuneak dauden beste leku batzuetan ere arituko dira beste margolari batzuk”, gaineratu dute.

Ekitaldi hauek guztiez gain, kamisetak ere salgai jarri dituzte. “Gorriti artistak logo antzerako bat egin digu kamisetetarako. Berak margotutako txoritxo bat erabiliko dugu”.

Berez, beraien asmoa aipatutako bertso saio hori Aita Mari aretoan egitekoa zen, baina, udalaren ezezkoarekin egin zuten topo. “Abenduan egin genuen eskaera eta hilabete eta erdi geroago erantzun ziguten. Santelmoetan bertso saioa bazegoela eta ezezkoa eman ziguten. Guk Bertso Eskolarekin hitz egin genuen eta esan ziguten gero eta bertso saio gehiago izan, bertsolaritzarentzako hobe zela. Beraz, beste eskaera bat egin genuen eta ez dugu erantzunik jaso. Gauzak horrela, kalean egitea erabaki genuen eta horren inguruan beste ekitaldi gehiago antolatu ditugu”. 

Kalea Guztiona Da mugimendua 2016ko martxoan sortu zen,  Zumaiako Udalak herriko kaleetan pankartak eta kartelak jartzeko debekua iragarri eta hilabetera. Taldekideek positibotzak jotzen dute urte honetan egindako lana. “Debeku eta isun hauek jasotzen dituen ordenantza onartzeko asmoa zuen Udalak eta pentsatuko zuen di-da batean onartuko zutela. Onartu ez bada izango da, ziur aski, erantzuna jaso dutelako”.

Udala debeku horiekin “dena zaku berean sartzen ari dela” diote. “Ezin duzuna da bitartekaria satanizatu; edukia da aztertu behar dena. Ez da gauza bera irain bat edo datorren astean izango den kontzertu bat iragartzea. Gustatzen ez zaizkien mezuak isilarazi nahi dituzte edo, behintzat, kontrolatu. Ez da hainbeste zentsuratzea, kontrolatzea baino”.

Denbora honetan jasotako elkartasuna ere nabarmendu dute mugimenduko kideek. Hasiera hartan herriko 33 elkartek emandako babesa azpimarratu dute, baita sindikatu guztiena ere, “CCOOtik hasi eta LABera arte”. “Babes hau eztabaida pizteko garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe, bestela ez ginateke hemen egongo. Guk jarraituko dugu eztabaida hau planteatzen ahal dugunera arte”.

Erlazionatuak