Mobilizazio eguna dute gaur Xeyko langileek

baleike 2017ko eka. 8a, 10:49

Enpresan bizi duten egoera zaila salatzeko, Zumaiatik Zarautzera kotxe karabana egin dute. Enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatu du, eta oraingoz langileek ez dakite jabeek aurrera jarraitzeko eta enpresa likidatzeko asmoa ote duten.

'170 familia kinka larrian' eta 'Xeyko langileak itxieraren aurka' bezalako mezuak helarazi dituzte gaur goizean egin duten mobilizazioan. Zumaiatik Zarautzera kotxe karabana egin dute Xeyko langileek eta helburu argia dute: bizitzen ari diren egoeraren salaketa. Izan ere, Xey enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatu du eta, buletinean argitaratu bezain pronto, kanpo kudeatzailea izendatuko du epaitegiak eta indarrean sartuko da. 

Enpresak zor handia du langileekin. Aurtengo hiru soldata ez dituzte kobratu, eta aurreko hiru urteetako beste sei paga ere ez. Greba egun gehiago egingo dituzte ekainaren 14an eta 15ean.