Kotxe bat erriora jausi da gauean, moila parean

Baleike 2017ko eka. 8a, 00:12
Hormigoizko horma txikituta.

BMW markako kotxe bat ibaira jausi da gaur gauean, Txomin Agirre kaiko parean. Gertakaria 22:45ak aldera izan da. Abiada bizian zihoan kotxeak hormigoizko horma txikietako bat jo eta hegan joan da. Zorionez, gidaria bizirik irten da.

"Hollywoodeko pelikula bat zirudien", adierazi digu lekuko batek. Txakurra paseatzen zebilen gertakaria ikusi duenean. "Autobusek bira egiten duten lekuan buelta eman dio kotxeari eta ondoren motorra topera jarri eta ibaia aldera joan da. Horma jo duenean hegan irten da". Sustoa gainetik kendu ezinik zegoen gizonezkoa. "Gero, pelikuletan bezala, mantso-mantso hondoratu da". Berehala deitu du larrialdietara gertakarien berri emateko. 

Pulpo elkarte parean, zebra bidetik hurbil dagoen horma txikituta utzi du kolpeak. Ondoan kotxearen zatiak zeuden, baita matrikula ere. Horma dagoen lekutik autoak bere bidea bukatu duen lekura arte 15 bat metroko distantzia dago. Horrekin ondorioztatu daiteke zer nolako abiadan zihoan kotxea horma jo duenean. 

Dirudienez, autoaren gidaria ez da Zumaiakoa eta, esan denez, neskalagunarekin haserretu ondoren hartu du kotxea. 

Bertaratutako ertzainekin hizketan, ez dute informazio handirik eman nahi izan. Autoak errioan bukatu duela, BMW markako kotxea dela eta gidaria bere kabuz atera dela esatera mugatu dira. Gidaria anbulantzian eraman dute. Ertzain batek adierazi digunez ez dio zauririk ikusi, baina shockean omen zegoen.

Getariako Gurutze Gorriko ontzi bat etortzekoa zen autoa dagoen lekuaren parean buia bat jartzera, inguru horretan ontziak ibiltzen direlako. Kotxea ateratzea nahiko lan zaila izango dela gaineratu dute ertzainek.