Iñigo Peña: “Munduko Kopan bi urre irabaztea sorpresa polita izan da”

Baleike 2017ko eka. 7a, 19:33
Argazkia: Tamas Kovacs / EFE

Iñigo Peñak bi urrezko domina irabazi ditu Munduko Kopako beste hainbat probatan. Biak, gainera, astebeteko epean, lehena Hungarian eta bigarrena Serbian. Madrilen da dagoeneko eta proba hauei eta bere etorkizunari buruz hizketan aritu gara.

Unibertsitateko azterketak ditu aste honetan eta entrenamentu lasai batera joan aurretik hitz egin dugu berekin.

Munduko Kopako bi proba irabazi dituzu astebeteko epean. Hasiera ezin hobea da hau.

Bai, hala da. Niretzat ere sorpresa izan da. Ez nuen espero halako emaitza onak ateratzea. Bagenekien ondo genbiltzala. Espainia mailan egin genituen hautaketa probetan nahiko errendimendu ona eman genuen, uste baino errazago irabazi genuen. Baina, hortik gero Munduko Kopara joan eta bi urre irabaztea ba guretzat oso sorpresa polita izan da.

Proba hauetan K2an hartu duzu parte. Aurretik K4an aritzen zinen. Nondik dator aldaketa hau?

K4an, lehen, 1.000 metroan zen proba olinpikoa eta orain 500 metrora aldatu dute. Orduan, milako jendea, eta ni milakoa naiz, kanpoan geratu gara. 500 metroan minutu eta 15 segundotan egiten da estropada. Hau abiadurako jendearentzako da, jende bizkorragoarentzako. Milako jendearentzako ez dago K4rik eta beste irtenbide bat aurkitu behar zen.

Zure gaitasunengatik, agian, proba luzeagoak behar dituzu.

Bai. Pistan orain arte bi distantzia zeuden: 200 metro eta 1.000 metro. 200ekoa abiadura-lasterkari hutsentzako zen eta 1.000koa medio-fondoko piraguistentzat. Abiadurarekin, baina fondokoak. Orain 500 metrora jaitsi dutenez, printzipioz 200 metroko piraguisten predisposizio gehiago dute.

Nork hartu du erabaki hau?

Nazioarteko Piraguismo Federazioaren erabakia izan da. Esaten dute proba motxak ikusgarriagoak direla, jendeari abiadura asko gustatzen zaiola, eta beno, bide hortatik joan da. 

1.000 metroko estropadak hiru minutu pasata bukatzen ziren. Jendeak ez al du pazientziarik?

Bai, baina esaten dute minutu eta gutxiko probak hobe direla, bai piraguismoan, bai atletismoan, bai beste kiroletan. Proba garrantzitsuenak motxak direla diote.

Francisco Cubelosekin osatu duzu K2a. Aurretik ezagutzen al zineten?

Egia esan 2011. urtetik elkarrekin gaude entrenatzen, entrenatzaile berarekin, talde berean. Baina, proiektu desberdinak genituen. Ni K4an nengoen eta bera K1a prestatzen egon zen bospasei urtetan. Nahiz eta batera entrenatu, bakoitzak bere proiektuak zituen. Aurten bioi ilusioa egiten zigun K2a probatzea eta denboraldi hasierako helburu bezala K2a jarri genuen. Gero hautatzaileen kontua izan zen. Konbinazio desberdinak hasi ginen egiten, denak denokin probatzen, Cubelos eta nire artekoak hasieratik oso errendimendu handia eman du. Hautatzaileari asko gustatu zitzaion eta berak egin zuen apustua.

Bateragarriak zaretela, behintzat, erakutsi duzue.

Bai, bai. Hasieran bazeuden zalantza batzuk baina %100 bateragarriak garela erakutsi dugu.

Zer helburu dituzu denboraldi honetarako?

Uztailaren erdi aldera Europako txapelketa dugu, Bulgarian, eta gero abuztu bukaeran Munduko txapelketa, Txekiar Errepublikan. Baina horretarako ez gaude oraindik sailkatuta. Aurten Espainia mailan bi hautaketa proba zeuden, bat maiatzean, irabazi genuena. Horrek Munduko Kopara eta Europako txapelketara joateko aukera eman zigun. Gero, beste bigarren sailkapen proba bat dago abuztuan eta hor Munduko txapelketarako txartelak jokatuko dira.

Zenbatek izango dute aukera mundialera joateko?

Bakarrak, irabazi egin behar da.

Bestela, Espainiako selekziotik kanpo, ba al duzu beste probetan parte hartzeko asmorik?

Printzipioz ez. Aurten beste urteetan baino gehiago lehiatu dut. Normalean ez ditugu hainbeste proba egiten eta oraindik hiru proba oso gogorrak geratzen dira: Europako txapelketa, hautatzekoa eta, gauzak ondo ateratzen badira, Mundukoa. Hiru horietan zentratu behar dut. Espainiako txapelketa jokatzen da uztailean, baina ez naiz joango, justu Europakoa baino astebete lehenago jokatzen delako. Prestakuntza aldetik ez zaigu ondo etortzen. 

Oraindik hiru urte falta dira, baina ontzi honekin Tokioko Jokoetara joateko horretan pentsatzen hasi al zara?

Beno, urtetik urtera joan nahi dut. Hirugarren ziklo olinpikoa da hasten dudana, nahikoa esperientzia dut, badakit oso luze joaten direla. Nahiz eta lehen bi urteak oso azkar joan, gero azken urte olinpikoa oso luze joaten da, gogorra egiten da. Lasai hartu nahi dut, urtetik urtera hartu, urtero ditugu eta txapelketa politak. Carpe diem eta aurtengoa gozatu. Pausoz pauso joan nahi dut, presarik gabe, bestela oso luze joaten da eta.

Bestela karga galanta ere bai.

Karga eta obsesioa ere bihurtu daiteke. Ni jokoetara joan nintzen, ezagutu nuen hori eta diploma olinpikoa naiz. Nahiago dut pausoz pauso joan. Gero etorkizunean bada helburu nagusi bat. Orain momentu on batean nago eta gozatu egin behar da.