Garazi Bergara berriz garaile

Baleike 2017ko eka. 7a, 15:33

Denboraldia aurrera doa, gero eta lasterketa gutxiago falta dira honen amaierarako, eta Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoan maila bikaina erakusten jarraitzen dute. Hemen duzue Arritxu Iribarrek aurreko asteburuan izandakoaren inguruan egindako kronika.

Maila bikaina ematen segitzen dute  Viveros San Antongo txirrindulariek. Usurbilen, aurreko larunbatean, Garazi Bergara berriz ere podiumeko tokirik gorenean izan zen. Eguraldi txarrarekin lehiatutako lasterketan, abiadura izan zen nabarmentzeko ezaugarria eta bai alebinek, baita infantilek ere, lasterketa ikusgarriak jokatu zituzten. Anuk Gogenola podiumetik gertu ibili zen, lasterketa bosgarren amaituta; Garazi Bergara, berriz, zortzigarren sailkatu zen, nesken artean onena izanik.

Infantiletan, Kimetz Etxabek zazpigarren amaitzea lortu zuen, karrera oso ona eginez, Aitor Agirrek ez zuen zorterik izan eta Aritz Izagirrek 22. bukatu zuen. Maddi Etxabe seigarren izan zen nesken artean.

Larunbatean Lezon izango da hitzordua eta hilaren 17an Zumaian emango diote denboraldiari amaiera. Lasterketa honi begira jada prestakuntza lanean dira Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoenak.

Kadete mailan asteburua oso gogorra izan da. Gaztetxoak torneoko bi lasterketa lehiatu dituzte Antton Tolosak eta Mikel Mancisidorrek. Larunbatean, Larrabetzun, 181 txirrindulari izan ziren Euskal Herri osotik etorriak, eta ibilbidea 60 kmkoa izan zen. Mendate bat zuten hiru aldiz igotzeko eta jaisteko eta euritan, porlan bide batean, gora eta behera ibili ziren ziztu bizian. 78 txirrindularik bakarrik lortu zuten amaitzea. Antton Tolosa 63. sailkatu zen eta Mikel ez zen bukaerara heldu. Abiadura orduko 38,37 km/hkoa izan zen. Igandean, Gasteizen, eguraldi negutiarrarekin 60 kmko beste lasterketa bati egin zioten aurre. Hemen ere 180 txirrindularik hartu zuten parte eta helmugara 90 besterik ez ziren heldu. Mikel Mancisidor lasterketa erdian erretiratu zen eta Antton Tolosa, lana bikain eginda, 64. tokian ailegatu zen. Viveros San Antongo txirrindularia hirugarren multzo batean heldu zen. Oso gutxik eman zuten aurpegia, baina Antton Tolosak gogotik hartu zuen multzoko ardura eta helmugan posturen bat galdu arren, beste batzuek indartsuago heldu zirelako, berak guztia eman zuen, errepidean eman behar den bezala.

Larunbatean erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa dute kadeteek Bergaran eta igande arratsaldean, berriz, lasterketaren aitzakian Viveros San Anton Oñatin izango da.