Sofaren rock instrumentala bueltan da disko berriarekin

Baleike 2017ko eka. 7a, 16:48

Sofa hirukotea bueltan da, disko berriarekin gainera. Jonbe Martinez (gitarra) eta Kepa Izeta (baxua) zarauztarrek eta Imanol Sesma (bateria) zumaiarrak osatutako hirukote instrumentalak Sofa II izeneko diskoa argitaratu berri du Bonberenea diskoetxearekin. Ostiral honetan Zumaiako Torreberri Gaztetxean aurkeztuko dute eta astebete geroago Zarauzko Gaba tabernan.

Orain bi urte eta erdi inguru atera zuten aurreko diskoa, autoedizioan ateratako Sofa izeneko CDa. Ordutik ahalik eta kontzertu gehien ematen saiatu direla azaldu digute Kepa Izetak eta Imanol Sesmak Zumaiako plazan izandako berriketa saioan. “Tartean pare bat geldialdi egin ditugu grabaziorako prestatzeko. Gainontzean kontzertuak ematen aritu gara”.

Grabazioa Tolosako Bonberenea estudioan egin dute, Lisabö taldeko kide Karlos Osinaga Txapen agindupean. Aurretik disko berrirako pentsatutako kantez osatutako maketak egin zituzten Zumaian, Uxategiko estudioan. “10-12 kanta grabatu genituen Gabonen bueltan eta hor ikusi genuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez. Handik joan ginen estudiora. Uxategiko estudio klaustrofobikotik Bonbereneako estudio zabalera pasatzea aldea izan zen. Txapen eskua ere igarri da”. Astebete inguruko iraun zuen grabazioak eta beste astebete nahaste lanek. Masterra, berriz, Jonan Ordorikak egin die.

Binilozko edizio eder batean atera dute diskoa. Karpetaren barruan CDa ere badoa. Binilozko diskoen zale porrokatua da Izeta eta bera izan da diskoa formatu honetan ateratzeko indarra egin duena. “Kosta zait bi hauek konbentzitzea, ez dira eta binilo erosleak. Denborarekin eta mimoekin egindako lana izan da eta garbi nuen ez nuela CD ziztrin batean atera nahi”.

Aurreko lanean bezala, Sesma arduratu da azalaren diseinuaz. Azal koloretsua du diskoak. “Kantak alaiak dira eta hori azalean ere islatu nahi genuen”, dio zumaiarrak. Kantetako zenbait detaile ere antzeman daitezke azalean. 

Bederatzi kantez osatzen da Sofa II, denak ere taldekide beraiek konposatutakoak. “Aurreko diskoarekin alderatuta soinu finkoagoa dugula esango nuke”, dio Kepa Izetak. “Hasiera hartan nahasketa gehiago zegoen, alde handiegia zegoen kanta bat eta bestearen artean. Orain soinu batetik hurbilago gaude, konpaktuagoa da, baina intentsitatea mantentzen saiatu gara”.

Aldatu ez dena taldearen izaera da, instrumentala dela, hain zuzen ere. Beraien kantuetan ez daude hitzik; instrumentuek eta hauek jotzeko trebetasunak dute protagonismo osoa. Sortu zirenetik ahotsak sartzeko tentaziorik izan ez dutela nabarmendu dute. Horrek, baina, konposatzeko orduan baldintzatu dezakeela onartzen dute. “Hasiera batean zailtasunak egoten dira. Ahotsak lagundu egiten dizu konposatzerakoan, bete egiten du; elementu melodikoa ere izan daiteke. Baina, gu hala hasi ginen eta indartu ere egin dugu instrumental izaera disko honetan”, gaineratu du Izetak.

“Instrumentala izanda badago kanta denak antzerakoak izateko arriskua. Baina, nik uste asmatu dugula horretan. Aukerak ere zabaltzen dizkizu: ez dituzu zure kantak mugatu behar, ez diozu ahotsari tarte bat eman behar. Instrumentala izatean mugak eta askatasunak daude”, gehitu du Sesmak.

Batzuentzat, agian, arraroa izango da rock talde bat instrumentala izatea. Arrarotasun horrek, ordea, izan du eragina, positiboa, gainera. “Hasi ginenean zalantza batzuk izan genituen, ea nola hartuko gintuzten. Nik uste harrera positiboa izan dugula. Nahiz eta rockaren kanpoko gauzak entzutera ohituta egon ez, entzuleek ondo hartu gaituzte. Batzuk harritu ere egin dira”. esan digu Sesmak.

“Taldea gure gozamen propiorako sortu genuen, musika desberdina egiteko gogoa genuelako. Ez dugu inoiz jendea gustatzeko behar hori izan. Horregatik, espero ez genuen harrera izan dugu”, gaineratu du Izetak.

“Jotzeko aukera handiak izan ditugu; ez dugu orain arteko ate joka ibili behar izan. Etiketa errezik ez dugun taldea izanda, horrek aukera eman digu toki desberdinetan jotzeko. Hori polita eta aberatsa da niretzako”, azpimarratu du Sesmak.

Berriro agertoki gainean

Diskoa eskutan, berriro kontzertuak ematen hasi da Sofa. LeBukowski klubak Donostiako Gasteszenan izandako Ze premikin jaialdian jo zuten, Willis Drummond, Atom Rhumba edo Niña Coyote eta Chica Tornado taldeekin batera. Diskoa atera eta berehala bi egunetan Bonberenea bertan jo dute eta pasa den astean Urretxun izan ziren. Ostiral honetan, 22:45etik aurrera Zumaiako Torreberri Gaztetxean joko dute, Txost! taldearekin batera. Hurrengo asteburuan, berriz, Zarauzko Gaba tabernara eramango dute beraien rock instrumentala. Sofa bueltan da.

Erlazionatuak

Sofa + Txost!

Baleike 2017 eka 06 Zumaia