Algorriko lursailak erosiko ditu Aldundiak eta segurtasuna hobetzeko lan batzuk egingo ditu bidezidorrean

Baleike 2017ko eka. 6a, 15:58

Algorriko bidezidorra eta horren ingurunea erosiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erosi beharreko landa lurzoruak 17.861,50 m2 neurtzen du, titulartasuna hamabost jaberen artean dago banatuta eta erosketa prezioa 69.000 eurokoa izango da. San Telmo ermitatik Algorriko Puntaraino igarotzen da bidezidorra, eta hortik Kalaraino jaisten da eskailera batzuen bitartez. Gipuzkoan jende gehien ibiltzen den ingurua da. 

Aldunditik adierazi dutenez, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak, Biotopo Babestuaren organo kudeatzaileak, proposatu du bidezidorrean lan batzuk egitea, oinezkoaren segurtasun fisikoa hobetzeko, ibilbide horretan geroz eta handiagoa den erabileratik ingurumenean sor daitezkeen ondorio negatiboak saihesten diren aldi berean

Honako lanak egitea jasotzen da: bidezidorra egokitzea eta begiratoki bat eta K/T mugaren interpretazio-atari bat jartzea, seinale eta informazio panel berriak jartzeaz gain. “Natura, geologia eta erabilera publikoaren ikuspegitik hain berezia den leku bat derrigorrez babestu behar da, haren balioak gutxitzea ekarriko lukeen edozein jardueratik”, adierazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak. 

Deba-Zumaia itsasertzeko zatiaren interes geologikoa izugarria da eta oso berezia da nazioarte mailan, mareartekoak duen zabalerarengatik, flysch materialen higadura desberdina dela eta, eta Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioa oso argi markatzen duen zerrenda bat dagoelako. 

Eremu horretan, Zumaiako Algorriko Puntak eta Kalak  K/T mugaren (Kretazeo/Tertziario trantsizioa) mundu mailako erreferentziako sekzioetako bat eratzen dute. Muga hori markatzen duen iridioan aberatsa den buztinaz gain, bi adin geologikoen arteko trantsizioa karakterizatu zuten gertaera paleontologiko desberdinen erregistro konplexu bat dago.  Zerrenda hori, halaber, Euskal Kostaldeko Geoparkearen zati da, integratuta dagoena Europako Geoparkeen Sarean eta Munduko Geoparkeen Sarean.