Zumaiako turismo eredua zehazteko plana jarri du Udalak abian

Baleike 2017ko eka. 6a, 14:39

Ukaezina da turismoak gora egin duela Euskal Herri osoan eta baita Zumaian ere. Flyscharen garrantziak erakarrita edota 8 apellidos vascos pelikularen arrakastak bultzatuta, Zumaiara etorritako bisitari kopuruak etengabe egin du gora azken urteotan. Baina, zer nolako turismoa ekarri nahi da? Ba al dago masifikazioaren beldurrik? Zalantzak ere piztu dira herri mailan.  Horren jakitun, turismoari buruzko plana jarri du abian Zumaiako Udalak. 

“Plan estrategikoa abian jarri ondoren, turismoari buruzko zenbait ondorio atera ziren eta plan berezi bat egiteko beharra antzeman zen”, azaldu du Jon Iraola zinegotziak gaur goizean turismo bulegoan egindako prentsaurrekoan. Plan hori aurrera eramango zuen enpresa aukeratzeko lehiaketa jarri zen martxan eta, aurkeztutako hiruen artean, Translokal enpresa izan zen aukeratua. “Non gauden, zer nahi dugun eta nola egin behar den jakin nahi dugu”, gaineratu du zinegotziak.

Akademiako ezagutza transferitzeko lanetan aritzen den enpresa da Translokal, Ana Arranz zumaiarraren esanetan. “Ezagutza hori praktikan jartzen, testatzen, aritzen gara”.

Turismo plana garatzea hiru fasetan egingo dela adierazi du. Lehen fasean, diagnostikoan, araudiak, plan estrategikoak eta artikulu zientifikoak aztertu dituztela esan du Arranzek. “Antzerako kasuak aztertu ditugu eta kontzeptu interesgarrienekin mapa bat osatu dugu”.

Bigarren fasea iraila eta azaroa bitartean egingo da eta Zumaia Lab izena izango du. “Fase irekiena izango da eta bertako eta kanpoko eragile nagusiekin elkartuko gara”. Hirugarren fasea berrikuntza eta prospektibara zuzenduko da. “Zirriborroa egingo da denek adostutako plana egiteko”.

Galdetegia

Bigarren faseko lehen pauso bezala, udal aldizkarian galdetegia argitaratu da. Galdetegi honek 59 galdera ditu eta turismoaren inguruan dauden iritziak eman daitezke. Behin beteta, Alondegian, udaletxean edo turismo bulegoan utzi daiteke, ekainaren 30a baino lehen. Ekarpenak egiteko aukera izango da, galdetegiari orri zuri bat gehituta.

Galdetegia betetzeko zailtasunak dituztenei zuzenduta, Arranz bera ekaineko ostiraletan turismo bulegoan izango da, 16:00etatik 19:00etara, herritarrek turismoaren inguruan dituzten iritziak jasotzen.

Turismo aldetik, beste herri batzuekin alderatuta, Zumaia oso herri interesgarria dela azpimarratu du Ana Arranzek. “Natura aldetik oso garrantzitsua da eta horrek nazioarte mailan mapan jartzen gaitu. Moda pasakorrak alde batera utzi behar dira eta ikusi behar da nolakoa izan behar duen”, adierazi du.