'Emakumea surflari' ekimena eraman dugu ekaineko aldizkariko azalera

Baleike 2017ko eka. 6a, 10:54

42 emakume ari dira parte hartzen aurten Zumaiara ekarri zen Emakumea surflari ekimenean. Argi geratu da surfean ere emakumeek ez dutela olatua galdu nahi. Gai hau eraman dugu bihar banatzen hasiko garen ekaineko aldizkariko azalera.

Pasa den urte amaieran turismoari buruzko erreportaje eta inkesta sorta bat atera genuen aldizkarian. Orain, uda sasoiaren atarian, arlo honetan lan egiten duten lau profesional elkarrizketatu ditugu. Zer nolako turismoa nahi dugu? Masifikazioaren beldurrik ba al da? Halako galderak erantzun dizkigute.

Iñaki Ijurko Azpeitian jaio zen baina makina bat urte daramatza Zumaian bizitzen. Kristau bezala bataiatu zuten eta eliz mutila ere izan zen. 32 urte zituela, baina, musulman bihurtu zen. Bere erretratua egin dugu aldizkari honetan. 

Javier Solas, berriz, albaitaria da, baina ez ohiko animalien sendagilea: espezie bitxiena, baizik. Zumaian jaioa, Zaragozan bizi da gaur egun eta elkarrizketa bat eskaini digu.

Bihar hasiko gara aldizkaria banatzen. Bazkideek etxeko postontzietan jasoko duzue; besteok ostiraletik aurrera izango duzue salgai ohiko saltokietan, euro batean.