185 dantzarik hartuko dute bihar parte Zumaiako Dantzari Txiki Egunean

Baleike 2017ko eka. 3a, 10:02

Eguraldiak zapuzten ez badu behintzat, euskal dantzen festa izango dugu bihar Zumaian, III. Dantzari Txiki Egunarekin. Bertan, 185 dantzari txikik hartuko dute parte. Zumaiakoez gain, Urretxutik, Lesakatik eta Getariatik etorritako haurrak izango dira bihar herrian.

Goizean zehar joango dira dantzariak Zumaiara heltzen. Kantauri kalean elkartuko dira eta kalejiran abiatuko dira. Bi taldetan banatuko dira: Zumaiako dantzariek Beheko Plazan, parroki aurrean eta Ardantzabideko plazatxoan egingo dituzte geldialdiak; beste hiru herritakoak, berriz, Itzurun hondartzara joango dira eta han egingo dituzte dantzak. Gero, lau taldeak Amaiako plazan elkartuko dira eta, Erribera kalean barrena, Beheko Plazara joango dira, bertan egingo da eta emanaldia, 12:45ean. 

Hori eguraldia lagun bada. Euria egingo balu, eta hala dago iragarrita, emanaldia Lubaki kiroldegian egingo da. Arratsalderako (16:30ean) beste saio bat dago iragarrita, Zumbalain izeneko dantza festa, hain zuzen ere.

Aurtengoa Zumaian antolatzen den Dantzari Txiki Eguna da, baina, festa antolatzen duen Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako kide Sofia Oriak gogoratzen duenez, "lehen ere egin izan dira". "Sei bat urte dira beste herrietako Egunetara joaten hasi ginela eta haren ondoren hemen ere antolatzen hasi ginen".

"Orain hamar urte hasi ginen euskal dantzak eskaintzen, ikastetxeetako guraso elkarteekin eta Udalarekin batera, dantza hauek berreskuratzeko helburuarekin". Egindako lanarekin gustura agertu da. "120 bat ikasle ditugu guztira eta hauetatik 95 haurrak".

Aurten Oiartzungo, Lesakako eta Beasaingo Dantzari Txiki Egunetan izan dira Zumaiako haurrak. Bihar herrian bertan egingo dena izango dute aurtengo azkena.