Viveros San Anton mutiletan lehenengoz podiumean: Aitor Agirre irabazle Pasaian

Baleike 2017ko eka. 1a, 18:01
Antton Tolosa, Lezon.

Denboraldiaren amaiera gero eta hurbilago dute Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txikiek. Aurreko asteburuan ere izan zituzten lasterketak. Arritxu Iribarrek egin du kronika.

Infantil mailan Pasaian jokatutako mendi bizikleten lasterketan Aitor Agirre onena izan zen. Trebezia eta ausardia erakutsi zituen eta mutiletan lehen garaipena eman 2017 denboraldi honetan taldeari. 

33 txirrindulariren artean oso emaitza onak lortu zituzten infantilek: Aitor Agirre lehena izan zen, Heiko Mateos 19. eta Ariz Eizagirre 23. Alebin mailan ere 33 parte hartzaile izan ziren lasterketan eta Anuk Gojenola ausart moldatu zen, egokitze aparta erakutsiz zirkuitoko baldintzetara. Laugarren amaitu zuen lasterketa ona eginez. Bikain aritu zirenbeste taldekideak ere: 13. egin zuen Yuri Urbietak, 19. Andde Etxanizek eta 26. Lizar Tolosak. Viveros San Antongo neskek ere protagonismoa izan zuten: alebinetan Garazi Bergara 2. sailkatu zen.

Kimetz Etxabe Euskadiko Jokoetara joan zen eta zortea lagun izan ez bazuen ere 26. sailkatu zen Amurrioko lasterketan.

Hiru lasterketa falta zaizkie txikienei denboraldia bukatzeko. Datorren larunbatean Lasarten izango dute karrera, ondoren Lezo eta azkena ekainaren 17an Zumaian.

Kadeteetan Antton Tolosak denboraldiko lasterketarik onena egin zuen Lezon joan den igandean, Gipuzkoako txapelketan. 15. sailkatu zen lasterketa gogorrean. 81 ziklista izan ziren irteeran eta horietatik 41 ailegatu ziren helmugara. 54 km zituen lasterketak eta Gaintxiruzketa hirutan igo behar izan zuten eta Fortaleza bitan. Borroka eta lehiarako gogoarekin, eta Gipuzkoako txapela jokoan zela, bakerik gabe ibili bait ziren. Amaieran, gainera, nahaste-borrastea izan zen ibilbidean baina istripurik gabe salbatu ahal izan zen lasterketa. Bataz beste 39,03Km/h abiaduran egin zuten lasterketa eta Viveros San Antongo Antton Tolosak lasterketak irakurtzen ere ikasten ari dela erakutsi zuen: une garrantzitsuetan toki egokian ibili zen. Mikel Manzisidorrek ez zuen lasterketa amaitzerik izan.

Datorren asteburua gogorra izango dute Gaztetxoak torneoko lasterketak dituzte eta, larunbatean Larrabetzun (Bizkaia) eta igandeanGasteizen (Araba). Euskal Herriko kadete guztiak izango dira eta bi egunetan ibilbide gogorreko probak dituzte; ohiturarik ere ez dute bi egunetan jarraian lehiatzeko, baina eragozpenei aurre egiteko jarrera azaldu dute biek.