Maitane Osa: “Errekaleorretik behin betiko bota arte hemen jarraituko dut”

baleike 2017ko mai. 31a, 14:40

Gasteizko Udalak behin betiko bota nahi du Errekaleorreko auzoa. Duela bi urtetik bertan bizi da Maitane Osa zumaiarra. Zergatik joan zen hara bizitzera eta momentuan jasaten ari diren egoera kontatu du.

Larunbatean, ekainaren 3an, Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazatik abiatuko da Guk argi daukagu, herria bizirik: Errekaleor defenda dezagun lelopean manifestazioa, 17:30ean. Zumaiatik bertara joateko autobusa jarri du Zumaiako Torreberri Gaztetxeak. Izenak Inpernupen edo Metron eman daitezke.

Zumaiarra izanda, nola amaitu duzu Errekaleorren bizitzen?

Gasteizera Euskal filologia ikastera etorri nintzen. Hasieran autobusean edo alokairuko pisu batean egon nintzen bizitzen, baina 2013an, ikasle batzuk etxe batzuk okupatu zituzten Errekaleor auzoan. Ikasleentzako alternatiba bat zen. Alokairuak oso garestiak zirelako okupazio proiektu bat sortu zen. Hasieran 12 ikasle inguru izan ziren, eta urte betean izugarrizko gorakada izan zuen proiektuak. 2015eko maiatzean hartu nuen Errekaleorrera bizitzera joateko erabakia. Beste modu batean bizi nahi nuen.

Nola bizi zarete?

Errekaleor auzoa hainbat eraikinek osatzen dute. Bloke bakoitzak sei etxe dauzka, hiru pisu eta bi ate. Hasieran batean pentsatu genuen bakoitza bere etxebizitzan bizitzea binaka edo hirunaka. Baina harreman handia egin genuen eta komunitatean bizitzen hasi ginen. Egun zortzi pertsona bizi gara eraikin berean eta ez daukagu aterik, bizitza elkarrekin egiten dugu.

Maiatzaren 18an Iberdrolako langileek argindarra kendu zizueten.

Eusko Jaurlaritzako Industria sailak eman zuen agindua eta Iberdrolako langileak etorri ziren Ertzaintzarekin lagunduta. Istiluak izan ziren, eta biolentzia ere erabili zen. Gasteizko alkateak gainera justifikatu egin zuen ekintza hura.Orain, elektrizitate mozketarekin, bakarrik generadorearekin eduki dezakegu elektrizitatea. Hala, auzoko guztiok hasi gara bizitza egiten plazan, gaztetxean... Lehen eliza zen gaztetxean bazkaltzen eta afaltzen dugu. Lo etxeetan jarraitzen dugu egiten.

Zenbat pertsona bizi zarete auzoan?

Gaur egun 150 edo izango gara. Hasieran ikasleentzat proiektu bat izan zen baina denborarekin garatzen joan da eta perfil askotako jendea etortzen hasi da. Adibidez 30 urteko unibertsitateko irakasle bat nire pisukidea da-Zaharragoak direnak ere badaude: 70 eta 60 urtekoak. Horretaz gain, bi familietako umeak ditugu, eta oraintxe familia batek beste alaba bat izan du.

Bertako jendeak bizitzen jarraitzen du?

Udaletxeak, bere proiektuak gauzatzeko, bertako jendea bota egin zuen auzotik. Batzuk jarraitu zuten, baina gaur egun ez dira hemen bizi. Hala ere beraien elkartasun guztia daukagu eta askotan etortzen dira bazkaltzea edo ekitaldietara.

Zein da Gasteizko Udalaren postura?

Segurtasun ezagatik bota nahi du auzoa, hori da argudio nagusiena. Baina gezurra da, eta gainera, ez da inor etorri hori konprobatzera. Segurtasunaren izenean moztu dute argia ere, baina ez dira konturatu zer egin duten. Izan ere, badago hemen jendea nahiko sentibera dena: adineko jendea, adingabekoa, jaio berriak... eta ur berorik gabe gaude, garbigailurik gabe, eta etxeko elektrizitaterik gabe. Etxe batean bazegoen elektrizitateko kontratua baina moztu egin dute. Gu ere saiatu ginen tratu batera iristen argindarra ordaintzeko baina ez ziguten utzi.

Erakundeekin hitz egin nahi ez duzuela ere aipatzen dute.

Bai eta gezurra da. Orain dela hilabete inguru gutun bat bidali genuen udaletxera. Jaso dutela esaten duen sinadura dauka, eta bertan beraiekin hitz egiteko prest ginela azaltzen genuen. Baina beraiek pasa egin dute.

Eraztun berdearen proiektuaren bukaera egin nahi dutela diote.

Hori da, eta bertan baratza ekologikoak jarri. Baina guk dagoeneko jarrita ditugu elikadura burujabea izateko eta hortik jaten dugu. Saiatzen gara dena autogestionatuta edukitzen. Etxeko konponketak egiten ditugu, orain dala gutxi arte okindegi bat geneukan gure ogia egiteko eta kanpoan saltzeko. Inprenta bat ere ireki genuen, frontoi bat daukagu Arabako bigarren handiena dena... Bizi-bizi egon da beti auzoa.

Aretxabaletako auzora joateko proposamena eskaini zizueten.

Bai, baina ez da batere proiektu fidagarria, ez ziguten erakutsi ez dokumentaziorik ez ezer. Gainera guk ez dugu ikusten proiektuaren jarraipena beste leku batean, momentuz ez behintzat.

Proiektuaren aurka dagoen jendeari zer esango zenieke?

Horrela bizitzea alternatiba on bat dela. Nik behintzat, gaztea naizenez, ez dut beste aukerarik. Ikasten ari naiz, lana egiten dut baina ez naiz iristen alokairu sozial bat ordaintzera. Orduan, nire ustez, bide on bat da aurrera ateratzeko eta aparte alternatiba on bat autogestioaz bizitzeko. Orain energia berriztagarriekin funtzionatzeko beste proiektu batean gaude murgilduta. Eguzki plakak jartzen hasi gara, eta horretan jarraitzeko asmoa daukagu.

Hurrengo asteetan zer gertatuko denaren beldur zara?

Beldurra edo errespetua badaukat, bai. Ez dut nahi hau bukatzea baina nik behintzat argi dut jarraituko dudala ahal dudan dena ematen aurrera ateratzeko. Merezi du eta bide justu bat da. Gizarteari erakutsi behar zaio bizitzeko beste alternatiba batzuk daudela.

Alkateak esan du auzoa botatzeko asmoa duela, eta gehienez ere urtebetean egingo dela. Ez dakigu ziurtasunez baina espero dut horrela ez izatea, eta horrela baldin bada bukaera arte egongo gara hemen, indarrarekin eta ahal duguna ematen.