Ai ama eta Phoenix ontziek irabazi dute gurutzaontzien Gipuzkoako bela txapelketa

Baleike 2017ko mai. 31a, 09:18
IRC mailako estropada irabazi zuen Phoenix ontziko tripulazioa. Argazkia: Zumaiako Klub Nautikoa

Pasa den asteburuan gurutzontzien Gipuzkoako bela txapelketa – Zumaiako Udala saria jokatu zen Zumaiako uretan, IRC eta Open mailetan. Gurutzaontzien Euskal Ligarako puntuagarria zen txapelketa hau. 

Itsaso lasaiarekin jokatu ziren estropadak. Ipar-ekialdeko haize arina izan zuten parte-hartzaileek, bost bat korapilokoa. Larunbatean, 12:55ean, Open mailako bederatzi ontziak atera ziren. Herriko eta Getariako tripulazioek osatutako ontziak ziren gehienbat. Belaontzi hauek serie-fabrikaziokoen antzerakoak dira eta IRC mailakoek baino ezaugarri txikiagoak dituzte.

Ontzi hauek haizearen kontrako bost itsas milako bidea egin behar izan zuten, Zarauzko itsaspeko hustubidera heldu aurretik. Gero, bueltakoan, haizea lagun, spinaker izeneko bela koloretsuak igotzeko aukera izan zuten. Guztira hamar itsas milia egin zituzten.

Ai ama ontzia izan zen estropada honetan azkarrena; bigarren Mastabakarra sailkatu zen eta hirugarren Xibika.

IRC mailako ontzia 14:30ean atera ziren. Euskal kostaldeko lau ontzi azkarrenek hartu zuten parte. Ikustekoa izan zen zer nolako maniobrak egin zituzten irteera puntuan ahalik eta leku onenean kokatzeko. Irteera lehiatu baten ondoren, irteeratik 1,8 itsas miliara zegoen buiarako bidean, bost korapiloko abiadura hartu zuten. Joan-etorri hora bitan egin behar zuten, baina, haizearen indarra ahuldu zela ikusita, antolatzaileek egin beharreko distantzia lau itsas miliara jaistea erabaki zuten.

Hala ere, ontziek ezin izan zuten aurrez ezarritako denboran amaitu estropada. Haizerik ez zela eta, egun horretan ez zen beste estropadarik jokatu.

Igandean bi mailetako belaontziak batera atera ziren eguneko estropadan. Open mailako bost ontziak 12:25ean atera ziren. Zumaia eta Mutriku arteko joan-etorria egin behar zuten. Guztira, hamar  itsas milia. Ondoren, IRC mailakoak atera ziren. Hauek ere joan-etorri bera egin behar zuten, baina, tartean, ekialdera kokatutako buia bati itzulia eman behar zioten. Haize aldakorra izan zen egunean zehar eta nahiz eta belaontzien abiadurak gora eta behera egin zuen, denak heldu ziren aurrez ezarritako orduan.

Open mailan Ai ama ontzia izan zen azkarrena, Mastabakarra bigarren izan zen eta Arcano hirugarren. Maila honetako sailkapen orokorrean Ai ama izan zen irabazlea, 3 punturekin; Mastabakarra izan zen bigarren, 6 punturekin eta Arcano hirugarren 15 punturekin. Hiru ontziak Zumaiako Klub Nautikokoak dira.

IRC mailan, berriz, probako eta sailkapen orokorreko irabazlea Phoenix (Zumaiako Klub Nautikoa) ontzia izan zen, 7 punturekin; bigarren Maitena (RCMA-RSC) sailkatu zen, 9 punturekin eta hirugarren Akelarre, 11 punturekin.

Behin estropadak amaituta, sari-banaketa egin zen giro ezin hobean.

Antolatzaileek Zumaiako Udalari, Gipuzkoako Bela Federazioari, Euskadiko Kirol Portuei, Marina Urolari, estropada batzordeko kideei eta klubeko kideei eskerrak luzatzen dizkiete, “ekimenaren antolakuntza konplexuan lagundu dutelako. Haiek gabe, ezin izango litzateke jokatu”.