"Gu errazago ibiltzen ginen kalean gurasorik gabe"

Baleike 2017ko mai. 30a, 12:50

Hirigintza mailan egin beharreko hobekuntzekin batera, mentalitatea ere aldatu beharra dagoela diote Patxi Galarraga eta Miren Vives arkitektoek. Hona hemen Eskola Bideak ekimenaren aurkezpenean egin zuten hausnarketa.

Herriak autoentzat antolatu dira, gaur arte behintzat haiek dute lehentasuna, eta herriaren antolaketa horrek zailtasunak eta arriskuak eragin dizkie oinezkoei edota bizikletan ibiltzen direnei. Horri buelta emateko irizpide garbia dute Projekta Urbeseko arkitekto Patxi Galarragak eta Miren Vivesek: "Aukera osasungarrienak izan behar du errazena, hark izan behar du lehentasuna; osasungarria ez den aukerari zailtasunak jarri behar zaizkio, izan dezala koste bat". Aurrerapausoak egin dira eta, esate baterako, gero eta bidegorri gehiago daude herrietan, baina gehiegitan zati solteak dira, funtzionalitate garbirik ez dutenak. "Inork imajina al dezake bat-batean eten eta inora ez daraman errepide bat?", galdetu du ironiaz Galarragak.

Badago zer hobetu hirigintzan, baina ez da landu beharreko arlo bakarra. Asko lor daiteke beste esparru batzutan eraginez gero. Larunbatean Algorri Interpretazio Zentroan guraso eta haurren aurrean egin zuten proiektuaren aurkezpenean hausnarketa interesgarria egin zuten Galarragak eta Vivesek: "Gizartea bera aldatu da. Duela 30 urte, gurea bezalako herrietan, kalean zeuden haurren zaintza kontu kolektiboa zen, denon ardura. Gu errazago ibiltzen ginen kalean gurasorik gabe, baina, aldi berean, hamaika begi zeuden begira, bazegoen haurrei arreta jartzeko ardura. Hori zeharo galdu da. Erabat kontu pribatu bilakatu da. Bakoitzak bere haurrak zaintzen ditu, eta jarrera hori ikusten da baita ere eskolara joateko orduan. Hor eragin behar da. Heldu bat haur batetik kontu erabat pribatua da; umeak heldurik gabe gai publiko bihurtzen dira, ingurune zaintzaile bat sortzen da. Zaintza kolektibo hori berreskuratu behar dugu, haurraren onerako, gaur egungo gehiegizko zaintza haien kalterako baita. Eta horretarako gaia ikusgai bihurtu behar dugu. Jendeak ikusi behar du bide batzuk antolatu direla, seinale batzuk daudela, haurrak multzoka doazela, haurren autonomiak eta segurtasunak lehentasuna dutela".