Arritxu Eizagirre: "Astialdiaz aparte, erabilera funtzionalagoak izan ditzakete trenbide zaharrek"

Baleike 2017ko mai. 30a, 09:42

Vasco-Navarro eta Urolako trenak aztertu ditu Arritxu Eizagirrek, etorkizunean erabilera berririk izan ote dezaketen jakiteko. Astialdiaz gain, zenbait kasutan, uste du eguneroko mugikortasunerako egokiak izan daitezkeela. (Elkarrizketa hau maiatzeko aldizkarian argitaratu dugu)

Urolako trena behin betirako itxi zuten urte berean jaiotakoa da Arritxu Eizagirre (Zumaia, 1987). Ez zuen garraiobide hura ezagutu, baina azken bost urteotan trenbide kontuetan murgilduta dabil, doktore tesia dela eta.

Nolatan hasi zinen trenbide zaharren inguruko lan hauek egiten?

Duela lauzpabost urte ondarea eraberritzearen gaineko master bat egin nuen, eta orduan Urolako trena aukeratu nuen amaierako lana egiteko. Trenbidea osatzen zuten elementu guztien katalogoa egin nuen, bakoitza bere fitxarekin. Zumarragatik Zumaiara. Eta hor piztu zitzaidan kezka: trenbidea, geltokiak eta gainerako elementuak osotasunean hartu behar dira kontuan, eta ez elementu isolatu bezala. Eta hasi nintzen aztertzen, adibidez, geltokiak eta trenbidearekin zerikusia duten beste eraikinak nola integratu diren hirigintza plan berrietan. Inguruan etxebizitzak eraiki direnean, geltokia ondo integratu al da espazio berrian? Urretxun, adibidez, geltokiari bizkarra emanez eraiki ziren etxeak...

Urolako trenaren geltoki guztiak mantendu al dira?

Euskal Herrian itxi zen azken trenbidea izan zen Urolakoa, eta estazio guztiak –13– mantendu dira, baina pasoko etxe batzuk galdu egin dira.

Eta orain zertarako erabiltzen dira estazio horiek?

Denetarik dago. Zumarragakoa etxe okupatua izan zen eta orain abandonatuta dago; Urretxukoa gaztetxea da eta nahikoa ondo zainduta daukate; Aizpurutxukoa guztiz abandonatuta dago; Azkoitikoan udal liburutegia jarri dute; Azpeitikoa trenaren museoa da; Lasaokoa eta Zestoako Balneariokoa kanpotik ondo daude, baina barrua utzita; Iraetakoa eta Arroakoa okupek erabili izan dute eta nahikoa utzita daude; eta Zumaian, goikoa tren geltokia da gaur egun eta Moilaberrikoa hor daukagu, hutsik, ez dakigula oso ondo zer egin.

Bere garaian agertu zen Urolako trena berreskuratzeko asmoa, Azpeitiraino behintzat...

Bai, eta oraindik agertzen da asmo hori lurralde mailako arauetan. Industriari begira zegoen planteatuta, gaiak Pasaiara garraiatzeko, baina Ucin itxi zuten eta asmo horiek bertan behera gelditu ziren. Baina asmo horiek eragina izan zuten jabegoan...

Zer eragin?

Zumarraga, Urretxu eta Azkoitiko geltokiak udalen esku gelditu ziren, baina Azpeititik Zumaiara bitartekoak ez, horiek oraindik Jaurlaritzak dauzka, hain zuzen ere, plan hori hor dagoelako. Beste berezitasuna da Zumaiatik Azpeitiraino ezerk ez duela gurutzatzen trenaren bidea, libre mantendu da, bazpaere.

Baina uste duzu oraindik aukera badagoela Urolako trena berreskuratzeko, Azpeitiraino besterik ez bada ere?

Ez zait iruditzen. Trenbideak, lehen ere, industriari lotuta garatu ziren, gaiak garraiatzeko. Pertsonak ere bai, noski, baina beste bultzada ekonomiko hori gabe ez dut uste berriro martxan jarriko denik.

Gertuko trenbidea errekuperatzeko joerarik ba al dago munduan zehar?

Hirigunetan bai, ikusten da, trenbide zaharrak berrerabili dira tranbiak martxan jartzeko. Kontuan hartu trenak bide motzena egiten duela beti, hori dauka ona. Zumarragatik Azkoitira errepidea bihurgunez bihurgune doa ibaiari segika, baina trena zuzen doa; eta malda gutxirekin. Horregatik dira oso egokiak oinezkoentzat eta bizikletentzat.

Eta orduan, horrekin zer egin daiteke oraindik neurri handi batean mantentzen den azpiegitura? Beste erabilera bat izan al dezake Urolako trenbideak?

Hori da orain Vasco-Navarro trenaren inguruan egiten ari naizen lanaren oinarria. Trenbide zaharretako azpiegiturak astialdirako egokitu dira, batik bat, bide berdeak sortu dira zenbait lekutan. Baina astialdiaz aparte, nik uste dut erabilera funtzionalagoak izan ditzaketela, eguneroko mugikortasun premiei erantzuteko, adibidez. Baina garrantzitsua da trenbidea oso-osorik hartzea, eta ez elementu isolatuen erabilera konkretua.

Vasco-Navarrori buruz galdetu baino lehen, Urolako trenaren kasuan, oinezkoentzat eta bizikletentzat egokituta dago zati handi batean.

Zumarragatik Azkoitiraino bide berdea da. Azkoititik Azpeitira bidegorria dago eginda, eta Azpeititik Lasaora trenbidea mantendu egin da, tren turistikoarentzat. Zati horretan bidegorria dago eginda, aparte. Eta Lasaotik Zestoara berriro Urolako trenaren bidea hartzen du bide berdeak. Tunela ere egokituta dago, argi eta guzti. Iraerataino iristen da. Handik Zumaiarainoko tartea falta. Arazoa da Arroatik Zumaiara trenbidea martxan dagoela [Donostia-Bilbo] eta hor alternatiba bat behar dela.

Hori da, hain zuzen ere, Arroako bizilagunek eskatzen dutena...

Bai, Arroa lotzea Narrondoko bidegorriarekin. Iraetatik Arroara doan zatian ez dago aparteko zailtasunik. Bidea osatuko balitz, mesede handia litzateke Arroakoentzat, Zumaiara azkar eta eroso etortzeko aukera izango lukete bizikletaz edo oinez. Narrondokoentzat, adibidez, sekulako mesedea izan da Zumaiarainoko bidegorria.

Vasco-Navarro trena aipatu duzu lehen. Zer tren zen hura?

Trenbide hark Mekoaldetik (Soraluze eta Bergara artean) Lizarrarainoko bidea egiten zuen, Gasteiztik pasata. Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa hartzen zituen. 1885ean hasi ziren eraikitzen eta lanak ez zituzten amaitu 1927ra arte. 1967an itxi zuten. Hura ari naiz aztertzen orain nire doktore tesirako, Urolako lana egin nuenean sortu zitzaizkidan kezken bidetik.

Azpiegitura osorik baloratzearena, ezta?

Hori da. Gaur egun eraikinak katalogatuta eta babestuta daude, eta batzuk beste zerbaitetarako erabiltzen dira; trenbideak ere bide berde bezala erabiltzen dira zenbait kasutan. Baina elementu bakoitza isolatuta hartu izan da orain arte. Lehen bazegoen azpiegitura bat, hainbat elementuz osatua, lurraldea lotzen zuena, funtzio jakin batekin; funtzio hori galdu duenean, elementuak banandu egin dira. Saiatu naiz proposatzen metodologia bat hori orokorrean aztertzeko. Aztertzen dira linearen eta horren inguruko lurraldearen arteko erlazioak. Linean zehar gaur egun dauden herriak hartu eta irisgarritasunaren ikuspegitik aztertu ditut, zer puntu diren irisgarriagoak, zer oztopo dauden. Azken finean, egunen batean proposamen bat egin nahi bada, guztiaren erradiografia edukitzeko.

Garraioaren ikuspegitik, gaur egun errepideek agintzen dute...

Bai, baina motorrik gabeko desplazamenduetarako, oinez edo bizikletaz mugitzeko, bide berdeen erreferentzia oso baliagarria izan daiteke. Ikerketek diote egunean ordubeteko bidaiak egiteko prest gaudela, lanera joateko, adibidez; herri barruan, berriz, hamar minutuko joan-etorriak dira muga. Datu horiek kontuan hartuta, aztertu dut trenbideak eta geltokiek zer potentzialitate daukaten eguneroko mugikortasun horri erantzuteko; adibidez, geltokien inguruan hamar minutuko tartea hartzen duen espazioan zer gertatzen den aztertu dut, zer aktibitate dagoen, proposamenak egin ahal izateko.

Baina gaur egun astialdirako erabiltzen dira, batik bat. Iruditzen al zaizu eguneroko joan-etorrietarako erabilgarriak direla?

Gipuzkoan, adibidez, posible dela iruditzen zait, lurraldearen egituraketagatik. Herri batetik besterako distantziak ez dira handiak. Debagoienan, bidegorriak herriak lotzen ditu eta hamar minututan iristen zara batetik bestera. Araban zailagoa da, distantziak handiagoak direlako. Baina Gasteiz inguruko herrientzat balio dezake, loturak sortzeko. Vasco Navarroren bide berdea gaur egun Landatik Gasteizeraino iristen da. Gasteiztik Lizarra alderako tartean zailtasunak daude. Badago hiru kilometroko tunel bat itxita dagoena, eta mendialdetik desbiratu behar da. Hori oztopoa da astialditik aparteko erabilera emateko. Gero, Kanpezu aldean berreskuratzen da trenbidearen jatorrizko bidea. Baina Lizarrara iritsi baino lehen errepideak moztu egiten du bidea. Horrek bere funtzionalitatea mugatzen du.

Eta Vasco Navarroko geltokiak mantendu al dira? Zer erabilera ematen zaie gaur egun?

Adibidez, Oñatikoan posta zerbitzuaren bulegoa dago, eta Arrasaten INEMena. Araba aldean asko etxebizitza pribatuak dira. Maeztun udaletxea da, eta Lizarran autobus geltokia.

Trenbide sareko geltokiak gaur egun babestuta daudela diozu, baina industria ondarea duela gutxi arte ez da aintzat hartu.

Orain hasi gara pixka bat baloratzen. Industria osoa azkar garatzen eta eraldatzen da, eta guk ondarea beti lotu izan dugu eraikin oso zaharrekin, elizekin, gazteluekin... Azken urteotan industria ondarearen inbentarioa egin da, eta industria paisaiarena ere bai, eta hor ageri dira Vasco Navarro eta Urolako trena. Horrek laguntzen du gero babes neurriak hartzen. Baina oraindik praktikan elementuak isolatuta hartzen dira, multzo osoa aintzat hartu gabe, eta bere izaera galtzeko arriskua dago. Lehen tximiniak gordetzen ziren, orain agian eraikin osoa. Baina izaera gal dezakete testuingururik gabe; anekdota hutsean gera daitezke.

Baina dena babestu behar al da? Zein da irizpidea?

Irizpidea bat baino gehiago izan daiteke, baina bat da bere singularidadea; hau da, mota jakin bateko bakarra edo azkena ote den. Dena den, inbentario bat egiten denean ez da proposatzen dena babestea, baina proposatzen denetik babesa lortzen duten arteko denboran asko desagertu egiten dira.