Zumaia Herriarteko pilota txapelketatik kanpo geratu da

Baleike 2017ko mai. 27a, 10:27

Joaneko norgehiagoketan 1-2 galdu ondoren, Astigarragan buelta eman beharko zion Zumaiak Herriarteko pilota txapelketan aurrera egin nahi bazuen. Baina, ez da posible izan. Atzo Txominenea frontoian jokatutako itzulerako jardunaldian nagusi izan dira Astigarragakoak eta hiru partidak irabazi dituzte,

Hauexek atzo Astigarragako Txominenea pilotalekuan jokatutako itzulerako hiru partidetako emaitzak:
  • Kadete mailan: ASTiGARRAGA 22 - ZUMAIA 10 (Urdangarin-Zapiain / Gainza-Beristain)
  • Jubenil mailan: ASTIGARRAGA  22 - ZUMAIA 13 (Exposito-Olarra / Larrañaga-Etxabe)
  • Nagusi mailan: ASTIGARRAGA 22 - ZUMAIA  2 (Loidi-Sanchez / Iriondo-U.Iribar)

Eta hona hemen Jexux Iribar Olaldek partiden inguruan egindako hausnarketa:

  • Kadete mailako partidua Zumaian jokatutakoaren antzerakoa izan zen baino tanto gutxiagorekin. Julen Beristain ondo, kantxan bere lekua aurkituz berriro ere, eta Peru Gainza berriz gaizki ez baina asko sufritu eta bide batez jabetuz ere bai, orain gutxi artekoekin ez bezela, tokeko pilotakin jokatzeak zer suposatzen duen.
  • Jubenil mailako partiduak etzuen zer ikusirik izan atzo zortzikoarekin. Astigarragako bikoteko pilotariak lekuz aldatuta jokatu zuten eta Exposito berez aurrelari denaren erakustaldia ikusteko aukera izan genuen kantxan agindu eta postura dotorean erremate bikainak eginaz. Oikiako zumaiar bikotearen aldetik Peio Etxabek ezin izan zuen bere lekua aurkitu kantxan eta agindu beharrean karretu lanetan aritzea tokatu zitzaion, Oier Larrañaga kadeteak sake-restoan asko lagundu ziolarik eta aurrekoadroetan bere markako tanto ederrak eginaz, ezker gantxo ikusgarri bat eta beste bi hormabiko behintzat bai aipatzeko modukoak.
  • Nagusi mailako partidua polita eta borrokatua izan zen erdiralderarte baina tantoak etxeko bikotearen markagailuan pilatuz bi izan ezik. Dinamika hori eten eta egiten ari ziren lanari errentagarritasun gehiago atera nahian pilota aldatzeko hartutako erabakiak oraindik eta gehiago areagotu zuen ordurarte ikusitako bikote urdinaren indar nagusitasuna kantxan, zuzenean 22raino irixiak hauek.
  • Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan zumaiarrak hamabost urte eta gero egindako partehartzeari amaiera eman zaion honenbestetxez, eta aurtengo berrekitaldiak datozen urteetan jarraipena izango duen ziurtasunarekin, eskerrak ematea besterik ez dagokigu herriko pilotari eta pilotazaleei.