Urola Kostako enpresek beren negozioak egoki komunikatzen dituzten aztertzeko tresna aurkeztu dute

Baleike 2017ko mai. 26a, 10:00

Pao Pao Elkarteak, kalitatezko komunikazioaren bidez bailarako enpresei hazten lagundu nahi dien elkarteak, Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean, komunikazio egokiaren ikuspegitik enpresen egoera ezagutzeko aukera ahalbidetzen duen autodiagnostiko testa aurkeztu zuen atzo.

Denbora da Urola Kostako Udal Elkarteak bailarako enpresen komunikazioaren alorrean beharrizan bat detektatu zuela. Egoerak larrituta, bide berri bat ekin eta bustitzea erabaki zuen, Pao Pao Elkartea sortuz, komunikazioa balioan jartzea helburu hartuta. Pao Pao elkartea ondorengo enpresek osatzen dute: A3, Arroka, Debolex, Dhemen, Gráficas Ilba, Kultur Atelier, Lombok Design eta Otzarreta.

Hilabete askoren lanaren ostean elkarteak komunikazio egokiaren ikuspegitik enpresen egoera ezagutzeko aukera ahalbidetzen duen termometro eta sendabidea sortu du, autodiagnostikorako test eta bere irtenbide posiblea, Pao Pao salmentantak, negozioen hazkuntzarako tantak. Halaber, testa komunikazioaren alorrean bere egoera ezagutu nahi duen enpresa eta negozio guztien eskuragarri jarri da Pao Pao Elkarteko webgunean (http://www.paopaoelkartea.eus/).

“Urola Kostako Udal Elkartearen gisako entitate batek kolaborazioa eskatu eta mota honetako egitasmoak martxan jartzera animatzeak, komunikazioak duen garrantzia azpimarratzen du eta, aldi berean, gizartearen garapenerako lagungarri da”, azpimarratudute Pao Pao Elkartetik. 

Autodiagnostiko testa

'Nire negozioa egoki komunikatzen al dut?' Autodiagnostiko testaren helburua negozioak promozionatzeko existitzen diren baliabideak ezagutzean datza. Testaren amaieran emaitzen balorazioa jasotzen da.

Galdetegian, hamasei galdera dira erantzun beharrekoak. Hortaz, diagnostikoa egiteak ez du denbora asko behar. Erraza, argia eta funtzionala dira diagnostikoaren ezaugarri nagusiak. Orokorretik zehatzera, enpresa motatik komunikaziora jauzi eginez. Behin galdetegia amaituta, enpresa bakoitzaren diagnostiko sakonena ematen da ezagutzera, 50 puntutatik zenbat eskuratu diren zehaztuta. Aldi berean, hausnarketara bideratzen duten zenbait argibide eta galdera ere jartzen dizkio mahai gainean testa erantzuten duen enpresariari.

Pao Pao Elkartea

Pao Pao Urola Kostako komunikazioaren eta arte grafikoen sektoreko enpresa talde batek osatutako elkartea da. Helburua eskualdeko enpresei kalitatezko komunikazioaren bidez hazten laguntzea da.

“Pao, pao, pao, pao...!” ume hotsak entzuten ziren Zarauzko kaleetan udal-zerbitzuetako langileak tutu malguekin kaleak garbitzen zituzten bitartean. Hortik dator elkartearen izena, izan ere, pao pao egitea komunikazio estrategia egoki batek ahalbidetzen duena da, bustitzea, barneratzea. Tantaz tanta, Pao Pao Elkarteak Urola Kosta egoki komunikatua egotea nahi du.

Erlazionatuak

Ongi komunikatzeak gehiago saltzea dakar

Urola Kostako Udal Elkartea 2017 mai 19 Zumaia